Groseko bi gazte etxerik gabe gelditzeko arriskuan daude
Saretxe Groseko etxebizitza sindikatuak salatu duenez, auzoko bi gazte “kaleratze arriskuan” daude, Alastuey S.L. enpresak “kaleratu” egin nahi dituelako. Secundino Esnaola kaleko 40. zenbakian bizi dira gazteak, lehen jabetzak erabilera turistikorako erabiltzen zuen etxebizitza batean, Saretxeren arabera.
Ordea, pandemia garaian, jabeak “alokairu arruntera” pasatu zuen etxebizitza, eta auzoko hiru gaztek alokatu zuten, 2021ean. Aurtengo uztailean, kideetako batek etxea utzi behar izan zuen, baina Saretxek dioenez, jabetzak honakoa esan zien: “Ez dute hirugarren kide bat bilatu beharrik, geratzen direnek alokairuaren bi heren ordainduko dute”. Aldiz, Saretxek salatu du akordioa ez dela bete: “Hori bera kontratu batean erredaktatu zuen irailaren 8an, eta kontratua maizterrei helarazi zien sinatzeko. Sinatuta itzultzean, Alastuey Apartamentos S.L.-k ez zuen sinatu nahi izan, eta maizterrei esan zien azaroaren 1ean etxetik alde egin behar zutela”.
Egoera gaitzetsi du Saretxek: “Errentan guztira 20.000 eurotik gora ordaindu ostean, jabeak kalean utzi nahi ditu, iraileko errenta hiru egun berandu ordaindu izanagatik. Aipatzekoa da, gainera, jabetzak bidalitako azken kontratua atzerapen honen ostean izan zela, eta momentu horretan ordaindu beharreko errentaren gaineko negoziaketa bat zegoela martxan”. Etxebizitza sindikatuak dioenez, Alastueyko jabeak esan zuen etxebizitza “behar” zuela, baina hori zalantzan jarri du Saretxek: “Jakin badakigu jabe horrek beste sei propietate dituela, horietatik hiru Grosen, eta bi erabilera turistikora bideratuta”.
“Hau ez da kasu isolatu bat”, Saretxek nabarmendu duenez: “Gure auzoan langile klaseak egunerokotasunean pairatu beharreko biolentzia inmobiliarioaren beste adibide bat besterik ez da”. Horrela egoera honi eta halakoei aurre egiten jarraituko dutela adierazi dute: “Ez gaude prest gure bizitzen etengabeko garestitzea onartzeko, ez gaude prest gure auzokideak miseriara kondenatzen dituzten jabedunen aurrean kikiltzeko. Izan putre funts, jabedun handi edo txiki, aurrean egongo gara”. Hain zuzen ere, Saretxek bilera irekiak egiten ditu astelehenero, 19:30ean, Hondarpe auzo elkartearen egoitzan (Nafarroa Beherea plaza, 6).