Jaiak direla eta, horma irudi bat margotzen ari dira haurrak Amara Berri ikastetxean
Amara Berriko jaiak direla eta, ohitura den moduan, jai batzordeak Amara Berri ikastetxeko haurrei horma irudi bat margotzeko proposatu die. Aurten ere pozarren hartu dute haurrek proposamena, eta lehenengo eta bigarren mailako ikasleak gustura ari dira ikastetxearen kanpoaldean koloretako irudia osatzen.
Leire Carrera irakasleak azaldu duenez, atzo hasi eta gaur amaituko dute artelana. “Guztira, 150 haur inguru ari dira margotze lanetan. Oso pozik daude, asko gustatzen zaielako. Beti egoten dira batzuk esaten dutenak ez dutela zikindu nahi, baina, normalean, poz-pozik etortzen dira”, adierazi du.
Haurrek ez dute marrazki jakin bat egin beharrik, beraien lana horma hainbat kolorerekin margotzea da, eta jai batzordekoek emango diote azken ukitua irudiari. “Guk oinarria margotzen dugu normalean, eta antolatzaileek amaitzen dute lana”, zehaztu du Carrerak.