Kristinaeneako ondare naturala ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Europar Batasunarekin lankidetzan, Europako Kontseiluak sustatutako Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu, eta Cristina Enea Fundazioak ondare naturala ezagutarazteko bi jarduera antolatu ditu egitarauaren barruan. Lehenengo bisita igande honetan izango da, urriaren 16an, eta bigarrena hurrengoan, urriaren 23an, 11:30ean. Izen-ematea zabalik dago fundazioaren webgunean.
Urumeako meandroak sortutako muino hau, 94.960 metro koadroko azalera duen hiriko parkerik handiena izanik, hiri paisaiari ekarpena egiteaz gainera, hainbat altxor ezkutatzen ditu barnean, hiriaren ondare naturalaren erakusle direnak. “Bisita honetan altxor horietako batzuk ezagutzeko aukera eskaintzen da, hiriko ondare naturalean eta horren garrantzian fokua jarriaz”, azaldu du Mateo Regla Cristina Enea Fundazioko teknikariak.
Teknikariak parkeko bi kokaleku azpimarratu ditu. “Hasteko, parkean kokatuta dagoen haritz erraldoi bat bisitatuko dugu, duela mende bat landatu zutena Mandasko duke-dukesek”. Historikoki garai eta pertsonaia jakin batzuei lotuta dagoen ale horrek, biologikoki ere ezinbesteko papera betetzen duela adierazi du, hainbat animalia espezierentzat babesleku eta bizileku baita, besteak beste arkanbelearentzat, parkean hainbat tokitan ikus daitekeena.
Cristina Enea parkea, lurraldeko hiri-parke handienetakoa izanik, oso bisitatua da urte osoan zehar, baina bisitariek leku ezagunenetara jotzeko ohitura dutela azaldu du Mateok, esaterako “Libanoko zedroa, ginkgoa edota beltxargak eta ahateak egoten diren urmaela”. Baina horiez gain, Cristina Enea bezalako parke historiko batean, oharkabean pasatzen diren kokalekuen garrantzia eta balioa erakutsi nahi da bisita gidatu hauen bidez: “Esaterako, Cristina Eneako urmaela oso ezaguna eta bisitatua da, baina badaude bestelako putzuak ere, txikiagoak, ezkutuan daudenak, anfibioen ugalketa babestu eta errazteko eraiki zirenak”. Horien sekretuak ezagutuko dituzte bisita gidatu hauetan parte hartzen duten lagunek.