5.000 ikusle bildu ditu aurtengo Argiartean jaialdiak
Jakinarazi dutenez, Argiartean jaialdiaren balantzea “oso positiboa” izan da antolaketari eta herritarren erantzunari dagokionez, 2019ko Olatu Talkaren baitan egin zen edizioan gertatu bezala.Udazkeneko eguraldi onak lagundutako edizio honetan 5.000 ikusle hurbildu dira urriaren 7, 8eta 9ko gauetan. Light-art instalazioak, proiekzio monumentalak eta zuzeneko emanaldiak izan dituzte ikusgai Oroimenaren Lorategiaren inguruetan eta Iesuko Elizaren barruan.
Ostiral gaueko 20:00etan ireki zen erakustaldia, hainbat argi-instalazioekin eta proiekzio monumentalekin. Emanaldien programari hasiera emateko, Puy Barralek eta Garazi Navasek hitz errezitatuko, musikako eta arte bisualeko collage bat egin zuten. Bertan, taldeak Huesos errezitaldi poetikoa Rebeka Elizegiren Lumo emanaldira egokitu zuen. Ondoren, Pablo Martinez, Dotore, Tatiana Halbach eta Søren Christensen, Desilence, artista bisualekin elkartu zen ahots eta txaloen sampleoaren gainean eraikitako pop luminiszentea eskaintzeko.
Larunbatean argi jokoak Lluch eta Labcuatro taldeen ambient musikarekin hasi eta Garazi Gorostiaga eta Garazi Navas bikotearen eskutik izan zuten jarraipena. Gauak Skygaze eta Inesferaren elektronikarekin izan zuen itxiera.
Igandean, Beñat Achiaryk eta Joseba Irazokik Jose Antonio Sistiaga omendu zuten euren ahots eta soinuekin, Impresiones en la alta atmosfera (1989) film labur animatuaren emanaldian, eta agur musikala Bongho Krappul psikodelia exotikoak eta Paolettaren argi-laborategi analogikoak eman zuten. ZineTxita zine ibiltariari esker Animadeba jaialdiak aukeratutako film labur esperimentalak erakutsi ziren. Jaia osatzeko, Kemekomo eta Medrar Tierra (beganoa) food trucketaz eta Grossen artisau garagardoaz ere gozatu ahal izan zen.
2022ko Argiartean 2019ko Olatu Talkaren oinordekoa izan da, eta jarraitzeko asmoz itzuli da. Laborategi esperimental honek tokiko talentuari begiratu dio batez ere, eta Edorta Subijana eta Jaime de los Rios artista izan ditu komisario lanetan.