Giro paregabean ari dira ospatzen Martuteneko Sagardo Egun handia
Urriak 12 ditu gaur, eta Martutenen Sagardo Egun handia ari dira ospatzen. Jaietan murgilduta dago auzoa atzotik, baina gehienentzat ajea ez da arazo izan jantzi eta goizetik Martuteneko urteko egunik garrantzitsuenaz gozatzeko. Arantzazuko Ama ikastolako patioa azoka erraldoi bihurtu dute, eta askotariko elikagai eta artisau postuak jarri dituzte: besteak beste, euskal opilak, erroskillak, barazkiak, taloak, txorizo pintxoak, baserriko ogia eta eskuz egindako apaingarri eta bitxiak erosi ahal izan dituzte bertaratu direnek.
Eta Sagardo Eguna izanik, edari preziatua ari da protagonista izaten Martutenen. Bederatzi sagardotegitako sagardoa probatzeko aukera dago gaur bertan: Alorrenea, Egi-luze, Astarbe, Barkaiztegi, Lizeaga, Petritegi, Gartziategi, Mendizabal eta Rezola. Ikastolako patioko sarreran 4,50 euroren truke eros daiteke kopa, izan ere, tradizionalki edalontzian edaten bada ere, antolatzaileek kopak jarri dituzte aurten, sagardoa horrela hobeto dastatzen dela iritzita. Bertaratu diren batzuek ez zuten berdina pentsatzen, baina ikusi diote alde ona horri ere. “Kopa ez da sagardoa edateko egokiena, baina gero guretzako dela jakinda, etxerako ondo datorkigu. Edalontzi asko dauzkagu, baina kopak ez”, adierazi du Txomin Berriko Rodrigo Velascok. Beste batzuek aldiz, ados zeuden formatu berriarekin. “Sagardoa kopan eramatea erosoagoa da”, azaldu du Jokin Garmendiak.
Lagun taldeak, familiak, bikoteak, haurrak, aiton-amonak eta denetarik animatu dira gaur festa handira. “Gaurko plana auzoan zehar buelta bat ematea da”, esan du irribarretsu Beñat Sudupe auzotarrak. Mila Oreja ere bertan zebilen, izatez Tolosakoa bada ere, aspalditik bizi delako Martutenen. “Gustura ari gara festak ospatzen, eta Sagardo Eguna bikaina izaten da”, aitortu du Orejak.
Sagardoa dastatzeaz gain, bakailaoa pil-pilean nola prestatzen den ikusteko aukera ere izan dute bertaratu direnek, izan ere, elkarteen arteko txapelketa gastronomikorako aukeratu duten jakia baita. “Bakailaoa prestatzeko ez dago sekreturik, nahikoa da kazuela ondo mugitzearekin”, azaldu du parte-hartzaile batek. “Oso sinplea da, eta guk nahikoa dugu hemen egotearekin, izan ere, atzo sekulako parranda egin genuen”, adierazi du beste batek.
16:30etik aurrera futbol eta pilota txapelketa izango dira gaur Martuteneko festetan. 18:00etan edadetuentzako dantza saioa egingo dute parkeko karpan, eta, azkenik, 20:00etan, Zo-Zongo Phsyco musika-ikuskizun piroteknikoak emango dio egunari amaiera, auzoko kaleetan barrena.