Urriaren 12a "borroka eguna" bihurtu behar dela aldarrikatu du Aske antolakundeak
Indar errepresiboak suntsitu lelopean, manifestazioa egin du gaur eguerdian Aske antolakundeak. Urriaren 12aren harira, martxa egin dute Egiako epaitegietatik Loiolako kuartelen sarreraraino. “Espainiar estatuak Euskal Herriaren aurka egiten duen zapalkuntza nazional eta sozialaren isla eta goraipamenaren eguna da urriaren 12a. Urteko beste edozein egunetan baino modu argiagoan gertatzen da”, salatu dute.
Hori dela eta, urriaren 12a “borroka eguna” bihurtu behar dela aldarrikatu dute, “betiere presente izanda egun hau eguneroko borroken jarraipena izan behar dela”. “Ezin dugu etsaiak gure agenda politikoa markatzen utzi”. Bide horretan, antolakundeari “nahitaezkoa” iruditzen zaio “prozesu iraultzailea” martxan jarriko duen Jardun koordinakundea “elikatzea” eta bertan parte hartzea. “Izan ere, soilik Euskal Herri Langileak pairatzen dituen zapalkuntza guztiak borrokatzen dituen proiektu integralaren bidez eskuratu ahal izango da Euskal Herriaren askatasuna”.