Tximistarrin erreskatatutako pertsona bat hil da Donostiako portuan
Larrialdi zerbitzuek Donostiako Igeldoko Tximistarri zonaldean uretan zegoen pertsona bat erreskatatu dute gaur eguerdian, Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakinarazi duenez. Segurtasun Sailak baieztatu duenez, 12:05ean arraun surfa egiten ari ziren pertsona batzuen abisu bat jaso dute, uretan gorpu bat zirudiena ikusi ondoren.
Gurutze Gorriaren itsas salbamenduko langileek eta suhiltzaileek uretatik ateratzea lortu dute, eta lehorrera ekarri dute, portuko arrapalaren ingurura. Une horretan, abisua jaso ondoren bertaratu diren osasun-langileek bihotz-biriketako bizkortzea hasi dute. Segurtasun Sailak baieztatu duenez, pertsona hori suspertzeko maniobrak ordu erdi baino gehiago luzatu dira, baina zoritxarrez ezin izan dute haren bizitza salbatu eta, 13:30ak aldera, medikuak heriotza baieztatu du.