Gurutz Agirresarobe eta Asier Arzalluz preso donostiarrak Euskal Herriratuko dituzte
Espainiako Espetxe Erakundeko Idazkaritza Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako Sailak beste 11 euskal presoren Euskal Herriratzea adostu dute. Orain, Jaurlaritzari egokituko zaio bakoitza zein espetxetara eramango duen erabakitzea: Donostiako Martuteneko espetxera, Basaurira (Bizkaia) edo Zaballara (Araba).
11 preso horien artean daude Gurutz Agirresarobe eta Asier Arzalluz donostiarrak. Egun Logroñoko espetxean daude, etxetik 170 kilometrora. Agirresarobe 2010eko abuztutik dago kartzelan, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da. 2033an beteko ditu hiru laurdenak. Arzalluz, berriz, 2009ko azarotik dago preso, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da. Datorren urteko apirilean beteko ditu hiru laurdenak.
Bi preso hauek gerturatuta, soilik bi preso donostiar geratuko lirateke Espainiako kartzeletan. Faustino Marcos Alvarez Zaragozako Daroca espetxean dago, 345 kilometrora; Fernando Elejalde Tapia Leongo Mansilla kartzelan dago, 370 kilometrora.