'Marea arrosa' hilaren 30an itzuliko da Donostiako kaleetara
Hilaren 19an Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Urtero moduan, Katxalinek, Gipuzkoako Bularreko eta Ginekologiako Minbiziak Kaltetutako Emakumeen elkarteak, martxa solidarioa egingo du Donostian, hilaren 30ean. Garbiñe Aramendi elkarteko ordezkariak urteko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du Gipuzkoako Aldundian, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuarekin batera.
Kanpainaren zatirik handiena hilaren 17tik 30era bitartean egingo da, lurraldean zehar banatutako informazio mahaiekin –Donostiako hilaren 19an jarriko dute–. Mahai horiei dendak gehituko zaizkie, erakusleihoak apainduko baitituzte. Gainera, Aramendia gozotegiak bat egin du Katxalinen kanpainarekin, eta hilaren 17tik 23ra bitartean donut solidarioak salduko dituzte. Bildutako diruaren zati bat bularreko minbizia ikertzeko erabiliko da.
Bukatzeko, hilaren 30ean, “marea arrosak” Donostiako kaleak hartuko ditu zortzigarren aldiz, bularreko minbizia ikusarazteko eta kirola egitea minbiziaz babesteko eta prebenitzeko faktoreetako bat dela aldarrikatzeko. Martxa 11:00etan abiatuko da Alderdi Ederretik, eta 4,5 kilometroko ibilbidea izango du. “Gaixotasunari buruzko irudi positiboa ematen saiatuko gara, sendatzearen intzidentzia handia nabarmenduz eta emakumeak beren osasunaren autozainketaz ardura daitezen saiatuz, ekintza txiki eta errazen bidez, hala nola egunero ariketa pixka bat eginez”, azaldu du Aramendik.
Izena eman behar da Katxalin martxa solidarioan parte hartzeko: Donostiako Apalategi dendan eta Garbera, Urbil, Zarautz, Azkoitia, Eibar, Arrasate, Ordizia eta Tolosako Eroski dendetan. Nolanahi ere, Katxalinen martxa solidarioan parte hartu ezin dutenek ere jarri dezakete beren aletxoa, 0 dortsalaren inskripzioa eginez. 5 eurokoa edo hortik gorakoa izan daiteke transferentzia baten bidez, kontu korronte honetara: ES02 2095 5001 0110 6104 1041.