Mireia Gabilondo eta Harkaitz Cano izango dira urriko 'Bikografiak' saioan
Urriko Bikografiak: bi ibilbide elkarrizketan saioan Mireia Gabilondo aktore, zuzendari eta gidoigilea eta Harkaitz Cano idazlea elkarrizketatuko ditu Bagera elkarteak. Gidari lanetan Jon Olano kazetaria arituko da.
Bi parte hartzaileen biografien errepasoa izango da saioaren ardatza. Bakoitzaren alde publikoaz gain, beren bizitzen inguruan hitz egitea da egitasmo honen berezitasuna. Biografian hizkuntzekiko harremanak beren bizitzan izan duen bilakaerari arreta berezia eskainiko zaio.
Elkarrizketa informal hauen bidez, hizkuntzak herritarren bizitza pertsonaletan eta eguneroko bizitzan duten isla jarri nahi du agerian Bagera elkarteak. Elkarrizketa aurrez aurre ikusteko aukera izango da urriaren 18an, arratsaldeko 17:30ean, Egiako Teila Fabrikan –hasiera batean 18:00etan izango zela iragarri zuten, baina ordua aurreratu dute–.