Naturarekin bat egiten duen horma irudia
Urumeako igogailuaren horman "gustura" aritu da lanean Udane Juaristi 'Udatxo'. Gladys izena jarri dio Donostia Apain egitasmoaren barruan egin duen horma irudiari, militante ekologista gogoan.
Udane Juaristik (Azkoitia, Gipuzkoa, 1985) Arte Ederrak ikasi zuen Leioan. Kuadroak egiten hasi zen lehen pausoak ematen, baina horma irudiekin hasi zen ondoren. Formatu handiko kuadroak eta horma irudiak egiten ditu. Donostian bi egin berri ditu Donostia Apain egitasmoaren barruan: bata, Loiolan, eta, bestea, Federico Garcia Lorca pasealekuan, Kristinaenea edo Gladysenearekin lotura egiten duen igogailuaren horman.
Bere margolanetan ohikoak dira gai urbanoak: tranbiak, bizikletak, kalezuloak.. Pertsonak ere bai sartzen ditu eszena urbano horietan, “eguneroko momentu horiek irudikatzeko”. Momentu honetan, ordea, estiloa aldatzen ari dela uste du: “Landareak eta organikoak diren formetara jo dut. Pintzelkada sueltoagoak dira, mantxa handiagoa, askeagoa edo. Ez zait asko inporta figuratibotik aldendu eta zerbait abstraktuagoa egitea. Baina oraindik gai urbanoekin jarraitzen dut, nahiz eta beste gai batzuk ere lantzen hasi naizen”.
Inguruko gaiak irudikatu ditu
Naturaz inguratutako espazio batean lan egitea egokitu zaio Juaristiri, eta inguruarekin bat egin nahian, ondoan ikusi dituen gaiak eta koloreak irudikatu ditu bere obran. “Ibaia dago alde batean, igogailua hartzen baduzu berehala iristen zara Gladyseneara. Naturarekin lotura izango zuen gai bat nahi nuen. Inguruko koloreekin jolastu dut: belarra, zubi marroia… Eta errota bat ere irudikatu dut. Hemen ondoan garai batean errota bat izan zelako”, azaldu du. “Inguruari erreparatu diot, eta tokatzen zena egin dut. Uste dut hau egin behar nuela, honelakoa izan behar zuela esan dit barruak”, jarraitu du.
Ondotik pasatzen denak erraz identifikatuko dituen irudiak ageri dira: landareak, hostoak… eta parkearen ikur bihurtu den animalia, pauma. Ubarroi bat ere bai badago, ibaiaren sinbolo moduan. Lore batzuk ere badira, parkean ikus daitezkeenak. Emakume baten aurpegia ere marraztu du. Gladys del Estal militante ekologistari keinu bat egin nahi izan dio, eta haren izena jarri dio horma irudiari: “Emakume bat zen, ekologista, eta nik naturarekin lotu nahi nuen, inguruarekin”.
Arteupartekoek gonbidatuta
Donostiako Arte Upartekoak izan dira egitasmoaren sustatzaileetako batzuk, Donostia Kulturarekin batera. Eta haiek gonbidatu dute egitasmora. “Donostia Apain egitasmoaren barruan Loiolan eta Altzan ere egin ditut horma irudi batzuk. Azken honetan leku hau eskaini zidaten, zirriborro bat aurkeztu nuen, eta aurrera egiteko esan zidaten”.
Donostian horrelako aukera bat izatea “izugarria” dela dio: “Lekua eta ingurua oso polita iruditzen zait, gustura nago. Ni Donostiara autoz iristen naizenean beti ikusten dut toki hau, eta ikusgarritasun handia duela iruditzen zait. Eta toki desberdinetatik perspektiba desberdinak izango dituenez jokoa ematen duela iruditzen zait”.
Galizian, Zaragozan, Madrilen, Bartzelonan, Marokon, Alemanian… Hainbat lekutan ibili da Udane Juaristi. Momentu honetan hainbat horma irudi egin ditu: “Orion bat egin dut, kanpingean, 100 metrokoa. Handik etorri naiz hau egitera. Honen ondoren, erakusketa bat daukat Andoainen, Basteron. Proiektu hori ere prestatzen ari naiz. Gero, bi horma irudi egin behar ditut, Zumaian eta Elgoibarren. Taberna barruan egiteko horma irudiak izango dira”.
Jendearentzako horma irudiak
Kaleko arteak “onura eta aberastasuna” dakarrela uste du Juaristik. “Jendearengana gerturatzen duzu artea, hau ez dago toki baten barruan. Museoak zoragarriak dira, baina jendeari kostatzen zaio joatea. Kaleko arteak muga hori hausten du; gertutasun hori bilatzen du, eta lortzen du. Jendeak asko disfrutatzen duela iruditzen zait, azkenean beraien bizimoduaren parte bihurtzen direlako horma irudiak. Egunero hemendik pasatzen denarentzat bai behintzat. Izan ere, horma irudi bat ez da pintatzen duenarentzat, jendearentzat da, eta haiengana iritsi nahi duzu. Ez dut edozer gauza egiten, haientzako egiten dut. Orokorrean oso esperientzia politak izan ditut, jendeak eskertu egiten dizu”.
Ondotik pasatzen den jendearekin hitz egitea polita dela dio. “Horma irudi honetan zailagoa izan da, makinan igota nengoelako, baina Orioko horma irudi batean, jendea nire ondotik pasatzen zen. Argazki zaharretan oinarritutako lan bat egin nuen, eta ‘hura nire aitita da, hau eta hau egiten genuen’, esaten zidan jendeak. Jendeak euren senideak ezagutzen zituenez, esan egiten zidan. Identifikatu eta euren historia kontatzen zidaten. Nik hori asko egin izan dut, argazki zaharrak bilatu eta historiarekin zerikusia duten gauzak sartu ditut margolanetan.
Hamar horma irudi
Urumea ibaiaren ondoko auzoetan egindako horma irudiak aurkeztu dituzte Donostia Apain egitasmoaren barruan. Jada bederatzi eskuhartze egin dituzte, eta hamargarren bat hasteko prest daude. Lanen antolaketa Loiola Kultur Etxetik koordinatu da, eta artistak aukeratzeko orduan Arteuparte galeriaren aholkularitza jarraitu da.
Lan horietatik bost Martutenen egin dira, beste lau Loiolan, 2019az geroztik egindakoetara gehitzen direnak, eta azkena, Udatxo Juaristirena, Federico Garcia Lorca pasealekukoa. Aurten aukeratutako artistak ondoko hauek izan dira: Stephen Webb, Udatxo, Ione Larrañaga, SorTwo, Pablo Astrain, Maialen Arocena, Marina Capdevila, Lidia Cao eta berriki gehitu den Kol3jo txiletarra. Txiletarrak itxiko du Donostia Apain Urkirolaken mendeurrena ospatzeko urriaren 17an hasiko duen eskuhartzearekin.