'Zientzia eta Berrikuntza: etorkizuneko hiria' kongresua izango da abiapuntua
Hilaren 22tik 28ra egingo dute Donostiako IX. Berrikuntzaren Astea. Hiriak azken urteotan zientziaren garapenaren alde egin duen apustua ardatz hartuta, Donostia zientziaren eta berrikuntzaren hiri gisa sendotzea izango du helburu.
Zientzia eta Berrikuntza: etorkizuneko hiria kongresua izango da abiapuntua, eta hainbat enpresetako eta erakundeetako ordezkariek parte hartuko dute: Viralgen, Vicomtech, CICnanogune, Cotec, Retina, Donostia International Physics Center, Ikerbasque eta CIC Biomagune, besteak beste. Kongresuaren xedea da hirian zientziaren alde egiten den apustuaren gakoei eta horiek etorkizunean izango duten bilakaerari balioa ematea eta horiei buruz hausnartzea.
Bestalde, Donostiako azken 25 urtetan zientziak izan duen bilakaerari buruzko erakusketa bat jarriko dute Alderdi Ederren, hilaren 22tik 27ra. Lau gairen ingurukoa izango da: azken 25 urteetako pertsona, azpiegitura, mugarri eta pertsona garrantzitsuak.Erakusketa honek Donostiak zientziaren eta berrikuntzaren arloan dituen erronkak ulertzeko eta nazioarteko ospea duten ikertzaileek gidatuta, gure hiriaren etorkizuna zientziaren mugetatik nolakoa izango den ikusteko balioko du.
Berrikuntzaren Astearen programak aukera ugari biltzen ditu: adin guztientzako dibulgazio hitzaldiak Alderdi Ederreko karpan, zientzia eta teknologiako zinemajardunaldiak Deustuko Unibertsitatearekin eta Tabakalerarekin lankidetzan, emakumeak gizadiaren aurrerapen zientifiko handietan duen ikusgarritasuna lantzeko, eta STEAM bokazioak areagotzeko ekitaldiak; hala nola, Emakumeak Zientzialariak: atzo eta gaur, Emakumeak Zientzian elkartearekin lankidetzan, non hirian ikerketa zientifikoak egiten ari diren emakumeek beren esperientziak partekatuko dituzten. Aurten, gainera, ikertzaile historikoak omentzeko aukera aprobetxatuko da.
Programazio osoa eta Berrikuntzaren Asteko jardueretan izena emateko aukera eskuragarri dago www.fomentosansebastian.eus webgunean.