Bera Berak ez du atsedenik hartuko
Emakumezkoen ohorezko ligak etena izan arren, Bera Berak zortzigarren jardunaldiko neurketa jokatuko du igandean, Gasca kiroldegian (12:00). Atletico Guardes hartuko dute etxean, eta arerioa estu hartu beharko dute garaipena eskuratzeko. Maddi Aalla eta Cristina Polonio zalantza dira, baina jokatzeko moduan egon daitezke. Horrez gain, Imanol Alvarez entrenatzaileak Eider Tapia eta Oihane Bautista bigarren taldeko jokalariak sartu ditu deialdian. Donostiako taldea sailkapeneko bigarren postuan dago 8 punturekin. Rocasa liderrak bi puntu gehiago ditu.
Futbolean, Realeko neskek Teneriferen aurka jokatuko dute bihar, Zubietan (12:00). Lehen jardunaldia bertan behera geratu arren, ligako hiru partida jokatu dituzte txuri-urdinek, eta ez dute bakar bat ere galdu. Ordea, bakarra irabazi eta bi berdindu dituzte. Hori dela eta, zazpigarren tokian dauden sailkapenean. Gora begira jarri nahi dute, eta horretarako Tenerife mendean hartu beharko dute. Gizonezkoei dagokienez, seigarren partida jarraian irabazi ondoren, zazpigarrena ere nahiko dute. Vigon jokatuko dute etzi, Celtaren kontra (14:00). Europa ligako garaipen garrantzitsuak konfiantza eman dio talde txuri-urdinari.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek ez du sasoia espero moduan hasi. Lehen bi neurketak galduta, puntu premian dira eta sailkapeneko zuloan. Herenegun jokatu zuten etxean Teneriferen kontra, eta ez zituzten sentsaziorik onenak izan. Aukera berri bat dute bihar, Cadi La Seuren pistan (19:30).
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko bi taldeek irabazi gabe jarraitzen dute. Gizonezkoen eta emakumezkoen taldeek aldaketak izan dituzte, eta momentuz ez dute lortu bakoitzaren makina martxan jartzea. Neskek Milenio Panthersen kontra jokatuko dute bihar (20:30), eta mutilak Majadahondaren pistan ariko dira bihar ere (22:00).
Azkenik, belar hockeyan, bolada paregabeari jarraipena eman nahi dio Realak. Herenegun, 3-0 menderatu zuten Terrassa Bera Berako zelaian, eta garaipen garrantzitsu hori berresteko modurik ona izango da Club de Campori etzi irabaztea (12:30).
PARTIDAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 8. jardunaldia
- Bera Bera – Atletico Guardes (etzi, 12:00)
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Reala – Tenerife (bihar, 12:00)
Gizonezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
- Celta – Reala (etzi, 14:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 3. jardunaldia
- Cadi La Seu – Ibaeta Basket (bihar, 19:30)
Izotz hockeya
Emakumeen lehen maila, 4. jardunaldia
- Txuri Urdin – Milenio Panthers (bihar, 20:30)
Gizonezkoen lehen maila, 4. jardunaldia
- Majadahonda – Txuri Urdin (bihar, 22:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 6. jardunaldia
- Club de Campo – Reala (etzi, 12:30)