EAJk irabaziko lituzke berriz ere udal hauteskundeak, Soziometroaren arabera
2023ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira, boto asmoari buruzko inkesta argitaratu du ostiralean Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak. Plazaratutako datuen arabera, EAJ izango litzateke nagusi Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta baita hiru hiriburuetan ere. Hiru herrialdeetan, gainera, boto portzentajea hobetuko lukete jeltzaleek.
Donostiari dagokionez, Soziometroaren arabera, EAJk irabaziko lituzke berriz ere udal hauteskundeak, eta gaur egun dituen hamar zinegotziak mantenduko lituzke. Zehazki, botoen %33,8 eskuratuko lituzke Eneko Goia alkatearen alderdiak, 2019ko hauteskundeetan baino ia bi puntu gutxiago; botoen %35,46 eskuratu zituen orduan. Bigarrena indarra EH Bildu izango litzateke berriz ere, egungo sei zinegotziekin eta botoen ehunekoa apur bat igoz: %21,2 lortu zituen 2019an, eta %21,7 lortuko lituzke 2023an.
Bestalde, PSE-EEk sei zinegotzi lortuko lituzke, gaur egun baino bat gehiago, Elkarrekin Donostiaren kaltetan, koalizioa hiru zinegotzi izatetik bi izatera pasatuko litzatekeelako. Botoen ehunekoei dagokienez, PSE-EEk %21,5 eskuratu lituzke datorren urtean, 2019ko %17,54aren aurrean. Elkarrekin Donostiak, aldiz, %9,87 lortu zituen 2019an, eta %7,9 lortuko lituzke orain. Azkenik, PPk gaur egun dituen hiru zinegotziak mantenduko lituzke, botoen %9,4 eskuratuta (%10,76 eskuratu zituen 2019an). Aipatzekoa da, halaber, abstentzioa %34,71tik %40,5era igoko litzatekeela.
Horrela, Soziometroaren datuak betez gero, EAJk eta PSE-EEk erraza izango lukete azken zortzi urteotan osatu duten udal gobernua berriz ere osatzea.
Gipuzkoan, EAJ eta EH Bildu gora
Gipuzkoako foru hauteskundeei dagokienez, EAJ izango litzateke nagusi, eta botoen ehunekoa handituko luke: %36,6 lortuko lituzke (+0,7). EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, jeltzaleek baino igoera handiagoarekin: botoen %33 eskuratuko lituzke (+1,1).
Batzar Nagusietan eserlekuak lortuko lituzketen gainontzeko alderdiek behera egingo lukete boto portzentajean: PSE-EEk botoen %16,6 lortuko lituzke (-0,6), Elkarrekin Podemosek %7 (-2) eta PPk %4,4 (-0,3).