Hurrengo fasera, aise
Puntuak hirunaka gehitzen jarraitzen du Realak, eta ostegunean Anoetan lortutakoak bereziki baliotsuak dira, Europa ligako hurrengo faserako sailkapena ziurtatzeko balio baitute, oraindik multzoen faseko beste bi jardunaldi gelditzen direnean. Xeriff aise irabazi zuen Imanol Alguacilen taldeak, 3-0, eta zelaian nagusitasun handia erakutsita, hasieratik bukaerara. Multzoen faseko lehenengo lau jardunaldiak irabazi ditu Realak, eta liderra da, hamabi punturekin. Orain, helburua final-zortzirenen aurreko kanporaketa saihestea da txuri-urdinen helburua, eta multzoen fasea lehenengo postuan bukatu beharko du horretarako; Manchester United da bigarren sailkatua, bederatzi punturekin.
Lehenengo minututik, txuri-urdinak nagusi izan ziren ostegunean Anoetako zelaian, Alguacilek hainbat aldaketa egin bazituen ere: Elustondok eskuin hegalean jokatu zuen, eta hasieratik aritu ziren Gebara, Rico, Turrientes eta Carlos Fernandez. 35. minutuan, Xeriffeko jokalari Armel Zohouriri bigarren txartel horia atera zion epaileak, eta atsedenaldia heltzear zenean ireki zuten donostiarrek markagailua, Sorlothen gol batekin; jaurtiketa bikaina egin zuen norvegiarrak.
Handik aurrera, gol aukerak etengabe izan zituen Realak. Besteak beste, Robert Navarro, Take eta Jon Karrikaburu zelairatu zituen Alguacilek, eta parte hartze handia izan zuten hirurek, arrisku etengabea sortuz. Ricok sartu zuen bigarren gola, Navarroren pase bati zartako indartsu batekin erantzunez, 66. minutuan. Ondoren, 80. minutuaren bueltan, Navarrok berak sartu zuen hirugarrena, Takek buruz emandako pase bat area barrutik errematatuz.
Europako hurrengo zita hilaren 27an dauka Realak, Omonia Nicosiaren aurka, Txipren (21:00). Ondoren, azaroaren 3an, Manchester United hartuko du Anoetan, 18:45ean.