Martin Zubimendi txuri-urdina izango da 2027ra arte
Asko izan dira Martin Zubimendi erdilari donostiarraren inguruan zabaldu diren zurrumurruak; Bartzelonak jokalaria fitxatu nahi zuela zabaldu da azken asteotan, esaterako. Ordea, Realak zurrumurruekin bukatu du ostiralean, Zubimendik 2026-2027ko denboraldiaren bukaerara arte berritu duela iragarri baitu.
Zubimendi pozik agertu da kontratua berritu izanarekin: “Donostiarra izanik, ez dago hazten jarraitzeko leku hoberik, proiektua oso anbiziotsua da. Oso pozik nago eta, gainera, zaleen maitasuna sentitzen dut une oro. Ilusioa eta anbizioa dira nabarmentzen diren bi hitzak. Gehiago nahi dugu eta hori nabari da, zaleak ere halakoak dira eta bat egiten dute gurekin. Oso pozik nago”.
23 urterekin, izugarri hazi da donostiarra azken urteotan, eta oso jokalari garrantzitsua da Imanol Alguacil entrenatzailearentzat. 2019ko apirilean egin zuen debuta, eta 108 partida ofizial jokatu ditu ordutik, baita lau gol sartu ere.