Mokozabalak pasatu dira Antondegitik, migrazioan
Mokozabalak (Platalea leucorodia) migrazioan dabiltza egunotan, eta Martuteneko Antondegi eremutik pasatu da talde bat aste honetan. Itsas Enara Ornitologia Elkarteak azaldu duenez, udaberrian eta udazkenean pasatu ohi dira Donostiatik eta Gipuzkoatik, baina errazagoa da irailean eta urrian ikustea. Horrela, elkartekoek mokozabalen talde bat Antondegiren gainetik pasatzen ikusi zuen asteazkenean, hilaren 12an, “lurretik metro eskasera”.
Ornitologoek azaldu dutenez, Gipuzkoatik pasatzen diren mokozabal gehienak Herbehereetako kolonietatik datoz, eta Mauritaniako eta Senegalgo kostaldeetara doaz. Bidean, Irungo (Gipuzkoa) Plaiaundi parke ekologikotik hartu ohi dute atseden, sarritan.