Musika eta umorea, arrakastarako osagai
Urriaren 22an estreinatuko da Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean Eneko Olasagasti zuzendari donostiarraren 'Los Xey, una historia de pelicula' dokumentala. Donostian errotutako taldeak nazioartean izan zuen ospea du mintzagai, askotariko testigantzekin.
Los Xey taldeari buruzko dokumental bat egitea “bizitzako kasualitate bat” dela dio Eneko Olasagatik, Los Xey, una historia de pelikula dokumentalaren zuzendari donostiarrak. “Gure edo gure gurasoen iragan musikalaren parte dira. Horrez gain, Golden Apple Quartetekoekin eta Xabier Zabala soinujolearekin topo egin nuen behin, eta elkarrekin ikuskizun bat prestatu behar zutela azaldu zidaten, Los Xey-ri omenaldia egiteko. Beraien istorioa gustatu zitzaidan, David Berraondo ekoizlearekin harremanetan jarri nintzen, eta berehala hasi ginen dokumentatzen eta dokumentalaren proiektua martxan jartzen pixkanaka”, azaldu du Olasagatik.
21 urteko ibilbide musikala izan zuen Los Xeyk, 1940tik 1961era. Alfredo Txiki Lahuertak, Pepito Yancik, Victor Graciak, Xabin Olaskoagak, Txomin Arrasatek, Xipri Larrañagak eta Koldo Garbayok osatu zuten taldea, haren ibilbidearen etapa desberdinetan. “Musikalki oso ondo prestatutako jendea zen. Formakuntza klasikoa zuten, baina, era berean, herri musikatik edaten zuten: Donostiako elkarteetan egiten ziren ikuskizun herrikoietan parte hartzen zuten, adibidez”, adierazi du zuzendariak.
Oso ondo abesteaz gain, eszenaratzeak egiten zituzten, mozorrotu egiten ziren, eta elementu eszenikoekin jokatzen zuten. “Hori beraien garaian berritasuna zen, beste inork ez zuelako halakorik egiten. Horrez gain, joaten ziren lekuetako musikaren elementuak bereganatu eta beraien errepertorioan sartzeko gaitasuna zuten”, gaineratu du.
Baina benetako arrakastaren erantzulea Celia Gamez (Buenos Aires, 1905-1992) kantaria dela uste du Olasagastik: “Gamezen hasierako gonbidatu gisa emanaldi bat eskaini zuen Los Xeyk Victoria Eugenia Antzokian. Gamezek ikusi egin zituen, eta hor harrobi bat zegoela pentsatu zuen. Kontratatu egin zituen, eta horrela eman zuten profesionalak bihurtzeko saltoa”.
Bidaia luzeak atzerrira
Nazioartean hemen baino arrakasta handiagoa zutela uste du zuzendariak: “1946an Argentinara joan ziren sei hilabetetarako, eta zortzi urte gelditu ziren han. Sei hilabeteko bidaiak egiten zituzten, itsasontzietan, eta familiekin bidaiatzen zuten”, azaldu du.
Eta taldearen amaiera ez omen zen “ezer arraroa” izan. “Alde batetik, nekea izan zen arrazoietako bat, 21 urteko ibilbidea egin zutelako. Los Xeyko Txomin Arrasatek arrazoi pertsonalengatik utzi zuen, lehendabiziko Ameriketako bira amaitu zenean. Lahuertak bigarren biraren ostean utzi zuen, eta hutsune nabarmena utzi zuten taldean. Hortik aurrera, gainbehera etorri zen”, nabarmendu du.
Askotariko testigantzak
Dokumentala osatzeko munduko hainbat herrialdetako jendearen testigantzak bildu dituzte. Zoritxarrez, horietako batzuk kanpoan utzi behar izan dituzte, dokumentalean sartzen ez zirelako. “Los Xeyen oinordeko batzuk, haien alabak eta musikan aditua den jendea elkarrizketatu dugu. Horien artean, Jon Bagues Eresbileko zuzendari izandakoa eta Golden Apple Quartet taldea. Madrilen eta Katalunian garai hartako musikan aditua den jendearekin egon ginen, eta Ameriketan adituekin eta historialariekin ere bai. Horrez gain, Kuban, beraiekin kantatu zuten pertsona batzuk aurkitu genituen”, nabarmendu du.
Pandemia baino lehen hasi ziren grabaketa lanekin, baina urtebete lehenago hasi ziren taldearen inguruko dokumentazioa biltzen. Azkenik, iritsi da egindako lanak eman duen fruitua estreinatzeko garaia. Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean ikusi ahal izango da lehenengo aldiz, urriaren 22an. Donostiako Victoria Eugenia antzokian urriaren 25an emango dute, eta hurrengo egunean, urriaren 26an, Errenterian.
Dokumental honek Los Xeyk gizarteari egin zion ekarpena dokumentatzeko balioko duela uste du Olasagastik. “Taldearen ekarpena, beraien musika eta umorea, bizirik dago oraindik gizartean. Gure aurrekari musikalean beraien musika dago, gertatzen dena da jendeak ez dakiela hori Los Xeyen ekarpena izan zela. Jendeak beraien kantu pila bat ezagutzen ditu, baina Los Xeyk egin zituen ospetsu bere garaian: El menu, Maitxetxu Mia, Me lo dijo Adela, eta beste asko”, zehaztu du.