Xabier Atristain espetxera bidali dute berriz
Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu egin du Fiskaltzak Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak Xabier Atristain Gorosabel euskal preso donostiarrari emandako hirugarren graduaren aurka jarritako helegitea, eta donostiarra Martuteneko espetxera itzuli behar izan da, ostiral arratsaldean, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Justizia sailak uztailean egin zuen Atristaini hirugarren gradua ematearen alde, eta kartzelatik atera zen; ordutik, donostiarrak bere etxean egin zezakeen lo.
Atristainek hamabi urte pasatu ditu preso, eta hamalau hilabete barru beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Ordea, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilean ebatzi zuen Espainiako Estatuak prozesu justu eta ekitatezkoa izatea egotzi ziola, ez ziolako utzi inkomunikazio aldian konfiantzazko abokatu bat aukeratzen. Horrela, otsailean, zigorra eten egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta kalera atera zen Atristain. Aldiz, ekainean berriz atxilotu zuten, Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuelako hamazazpi urteko espetxe zigorra ez berrikustea. Uztailean, hirugarren graduarekin atera zen, aipatu moduan, eta kartzelara bidali dute orain, berriz ere.
Izan ere, Fiskaltzak hamahiru euskal presoren hirugarren graduen aurkako helegiteak aurkeztu ditu azken hilabeteotan, eta horietako bat da Atristainena, Auzitegi Nazionalak onartu berri duena. Etxerat elkarteak “haserrea” adierazi du, “preso donostiarraren eskubideak urratzen dituen zentzugabekerien aurrean”.
Ekainean, donostiarra atxilotu eta gutxira, bere abokatu Zigor Reizabalek iragarri zuen hiru bide irekiko zituztela, Espainiako Estatuak Estrasburgoko epaia bete zezan: Alde batetik, Espainiako Auzitegi Nazionalean eskatu zuten Atristain “libre gera dadila berriro, Europako sententziaren betearazpena erabakitzen den bitartean”. Bestetik, Gorenari eskatu zioten “bere autoa deuseztatzeko”. Hirugarrenik, Europako Kontseiluko Ministro Komiteari eskatu zioten “ahal dituen neurriak hartzeko, egoera konpondu dadin”. Aipatzekoa da, halaber, Donostiako Udalak “harridura” eta “kezka” adierazi zituela Atristainen kasuaren inguruan.