Antiguako Jai Herrikoien Aldeko Eguna antolatu du Loretope konpartsak
Antiguako Loretope konpartsak aurrera begira egitekoak diren egitasmoen aurkezpena egin zuen ostiral arratsaldean auzoko frontoian, eta iragarri dute Antiguako Jai Herrikoien Aldeko Eguna antolatu dutela datorren astebururako.
Larunbatean, hilaren 22an, egingo dute, egitarau honekin: 11:30ean, erraldoiak eta buruhandiak auzotik ibiliko dira, elizatik abiatuta; 12:30ean, bertso triki poteoa egingo dute; 14:30ean, kantu bazkaria egingo dute Istingorra elkartean (25 euroan daude salgai txartelak, Platero eta Trikuharri tabernetan); 14:30ean, baita ere, bertso bazkaria Antiguotarrak elkartean, Asier Ibarguren eta Beñat Mujika bertsolariekin (15 euroan daude salgai txartelak, Platero eta Trikuharri tabernetan); eta, azkenik, 18:00etan, Elektrotxufla elektro txarangak bere azken kontzertua eskainiko du, frontoitik abiatuta.
Loretope konpartsa urte hasieran sortu zuten, modu parte hartzailean, adin guztietako auzokideen inplikazioarekin, 2023ko sansebastianetarako bi erraldoi lortzeko helburuarekin; IRUTXULOKO HITZAk konpartsako kide Ekaitz Ibero eta Uxue Aranburu elkarrizketatu zituen apirilean.
Helburuak lortzeko dirua biltzen dabiltza ordutik, kamisetak, poltsak eta bestelako materiala salduz, eta norbanakoen ekarpenak jasoz. Gainera, Erraldoien Laguna izateko aukera ireki dute, urtean 50 euro ordainduta, Loretope laguntzeko; konpartsarekin harremanetan jarri daiteke horretarako, sare sozialen bidez, adibidez.
Bestalde, datorren asteko jaiegunaz gain, beste hainbat jarduera antolatzeko asmoa dutela iragarri zuten ostiralean, besteak beste, egun hauen bueltan: azaroko Gau Beltza, abenduko Euskararen Eguna, urtarrileko sansebastianak, otsaileko inauteriak eta maiatzean Antiguako Erraldoien Eguna antolatu nahi dute.