Artea eta elkartasuna, Etiopia Utopia Fundazioaren lanaren alde
Etiopia Utopia Fundazioak XXII. Zipristin jardunaldia antolatu du larunbatean Donostian, Etiopiako Tigray lurraldean garatzen ari diren proiektu humanitariorako dirua biltzeko. Tamayo paper dendarekin eta Aquariumarekin batera antolatu dute jardunaldia, eta Gipuzkoako Artisten Elkarteak ere parte hartu du. Izan ere, artea, elkartasuna eta giro ona uztartu dituzte: arte ikastaroak izan dituzte, Low Riders eta Promodernos taldeen kontzertuak, Elvi bentrilokuoa, pintxoak, edaria, eta abar.
Imanol Apalategi (Ibaeta, 1957) Etiopia Utopia Fundazioko kidea “pozik” agertu da jardunaldiarekin: “Oso pozik gaude, boluntario talde izugarria daukagulako”. “Gaur zorte ona izan dugu, eguraldi ona izan dugulako eta ez zegoelako jarduera paralelorik antolatuta hirian. Hala ere, bihar zenbatuko dut bildutako dirua, eta orduan ikusiko dugu zer nolako zortea izan dugun. Zoritxarrez, horrelako gauzak egin behar ditugu, Etiopiako giza eskubideak defendatzeko”, gaineratu du.
Horrez gain, fundazioaren lanaren berri eman du: “Guk Tigray eskualdean egiten dugu lan, eta ur edangarriarekin arazo handiak daude han, baita desnutrizio handia ere. Nik uste dut esan dezakegula genozidio bat egiten ari direla, Eritreako eta Etiopiako Gobernuek babestuta. Hori guztia argitara ateratzen denean, eskuak burura eramango ditugu. Egunero urratzen dituzte giza eskubideak, eta NBE-k ezin du laguntza humanitarioa eraman ere, erregaia izugarri garesti dagoelako. Ordea, gerra honek, beste askok bezala, ez digunez poltsikoa ukitzen, badirudi ez zaigula axola. Agintariek eta botere ekonomikoek ez dute ezer egiten hori guztia konpontzeko, eta nik uste dut guk guztiok defizit moral eta etiko bat daukagula, ezin dugulako horrela bizitzen jarraitu, han gertatzen ari dena jakinda”.