Hedonai zentroaren aurrean elkarretaratu dira, "enpresak langileen osasuna bermatu dezan eskatzeko"
Kontseilu Sozialistak deituta, hainbat lagun Donostiako Hedonai estetika zentroaren aurrean elkarretaratu ziren ostiral arratsaldean. Irailaren erdialdetik ari dira borrokan Erdialdeko Hedonai estetika zentroko langileak, Donostiako Langile Autodefentsarekin (LAS) batera. Horrez gain, urriaren hasieran salatu zutenez, langileetako hiruk baja hartu zutenean, enpresak euren lanpostuak eskaini zituen.
Zentroko azpiegitura arazoak direla eta, beharginei osasun arazoak azaleratu zaizkie azken hilabeteotan, LAS-en arabera. Izan ere, “kostuak murrizteko”, “osasunarentzat kaltegarriak diren baldintzetan dituzte lanean”. Zentroko osasun baldintzak bermatzeko neurriak har ditzala exijitu diote enpresari, eta hain zuzen ere, hori aldarrikatu zuten ostiraleko elkarretaratzean: “Hedonai zentroaren aurrean bildu gara enpresak langileen osasuna bermatu dezan eskatzeko, baita langileon antolakuntza defendatzeko”.
Gaur Hedonai zentroaren aurrean bildu gara enpresak langileen osasuna bermatu dezan eskatzeko, baita langileon antolakuntza defendatzeko. #NagusienInpunitateaGelditu pic.twitter.com/wD9egNYQJQ
— Kontseilu Sozialista Donostia (@Kontseilua_Don) October 14, 2022