Xabier Atristainen espetxeratzea salatzeko manifestazioa egingo dute
Xabier Atristain preso donostiarra Martuteneko espetxera bueltan bidali zuten ostiralean, Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu ostean Fiskaltzak Atristainen hirugarren graduari jarritako helegitea. Espetxeratzea eta donostiarraren gradu aldaketa salatzeko, Sare Herritarrak manifestaziora deitu du gaurko, hilaren 15erako, Donostian. Bulebarretik abiatuko da mobilizazioa, 19:00etan.
Atristainek hamabi urte pasatu ditu preso, eta hamalau hilabete barru beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Ordea, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilean ebatzi zuen Espainiako Estatuak prozesu justu eta ekitatezkoa izatea egotzi ziola, ez ziolako utzi inkomunikazio aldian konfiantzazko abokatu bat aukeratzen. Horrela, otsailean, zigorra eten egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta kalera atera zen Atristain. Aldiz, ekainean berriz atxilotu zuten, Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuelako hamazazpi urteko espetxe zigorra ez berrikustea. Uztailean, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailak emandako hirugarren graduarekin atera zen, baina kartzelara bidali dute orain, berriz ere.