2024an abiatuko dute Txomiñeneko etxebizitzen bigarren fasea, Zubietako espetxea irekitzen dutenean
Txomiñene auzoko etxebizitzen bigarren fasea 2024an abiatuko dutela azaldu du Eneko Goia alkateak, Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan, kazetariek gaiaren inguruan galdetuta. 360 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du fase horrek, eta alkateak nabarmendu duenez, udalak “prest” dauka, Martuteneko espetxea Zubietako espetxe berrira lekualdatu eta “hurrengo egunean” abiatzeko.
Hain zuzen ere, deitoratu du kartzela berriaren proiektuarekin “atzerapen izugarriak” izan direla, Espainiako Gobernu aldaketa ugari tartean, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren garaitik baitator gaia (2004tik 2011ra izan zen presidente Zapatero). Hori dela eta, udalak Txomiñeneko etxebizitzak “faseka” eraikitzea erabaki zuen, etxebizitza guztiak Martuteneko kartzelaren lekualdatzearen mende ez egoteko. Orain, aurrera doaz Zubietako espetxe berriko lanak, eta Goiak azaldu duenez, 2024rako irekitzea aurreikusten dute: “Espainiako Gobernuak ez digu informazio askorik ere ematen, baina badirudi atzerapen pixka batekin doala. Horrela, 2023ko bukaerarako aurreikusten dute lanak bukatzea, lekualdatzea 2024an egin ahal izateko.
Behin lekualdaketa eginda, Martuteneko kartzela bota egin beharko da, lursail horretan aipatu etxebizitzak eraikitzeko. Alkateak zehaztu duenez, ordea, oraindik ez daukate argi eraisketa nork egin beharko duen, Espainiako Gobernutik Eusko Jaurlaritzara pasatu zirelako espetxeen inguruko eskumenak: “Ez dakigu norekin hitz egin beharko dugun, Madrilekin edo Gasteizekin; argituko dugu”. Ildo horretatik, lursailaren jabetzaren inguruan galdetuta, Goiak nabarmendu du udalak dokumentazio historikoa aztertu zuela bere garaian, eta, dokumentazio horren arabera, lursaila udalarena dela.
Hain zuzen ere, udalak Ondarretako espetxea bota nahi zuen garaian, Espainiako Gobernuarekin hitz egiten aritu zen, espetxea beste lekuren batera lekualdatzeko. Azkenean, ordea, udalak erosi zuen egungo Martuteneko kartzelaren lursaila, eta Espainiako Estatuari laga zion, kartzela gisa erabiltzeko. Dokumentazioaren arabera, beraz, kartzela izateari uzten dionean, lursaila udalaren eskuetara pasatuko da, berriz ere. Hala ere, hori guztia Madrilekin edo Gasteizekin argitu behar dutela zehaztu du Goiak.