Geruzak ikus-entzunezko proiektuaren lehenengo atala bihar estreinatuko da San Telmo Museoan
Unai Ribera donostiarrak (Intxaurrondo, 2000) Geruzak ikus-entzunezko proiektuan hartu du parte, eta lehenengo atala bihar estreinatuko da San Telmo Museoan, 19:00etan. Gazteen eguneroko kezka eta galderetatik abiatuta, euskaraz eta euskaratik, feminismoa, soziolinguistika, kultura eta pentsamendua lantzea helburu duen ikus-entzunezko proiektua da Geruzak. Elkar argitaletxeak eta Jakin fundazioak elkarlanean sortua, gazteekin gazteentzat egina.
Lehenengo atal horretan, desira gaia ardatz hartuta, bost gaztek hainbat galderen inguruan hausnartuko dute. Ondoren, solasaldia egingo dute eta Ziztada & Rlantzen musika emanaldiarekin amaituko da ekitaldia. Bertara joateko izen ematea geruzak.eus webgunean egin daiteke.
Unai Riberak ez zuen parte hartu lehenengo atal horretan, baina beste hiru ataletan agertu da hainbat gairen inguruko iritziak eta hausnarketak plazaratzen. IRUTXULOKO HITZAko aste honetako astekarian elkarrizketatu dugu, eta ostiralean irakurri ahal izango duzue elkarrizketa osoa. Hona hemen aurrerapen bat:
Gazteen gogoeta eta analisi kritikoa bultzatu nahi ditu Geruzak proiektuak. Nolako gaiak jorratu dituzue?
Uste dut erakargarriak izan daitezkeen gaiak direla, baina gazteok ez dugu espaziorik gure artean gai horiekiko iritzi propioak garatzeko. Beste hainbat gauzaren artean, askatasuna, desira, sormena eta boterea izan ditugu mintzagai. Gure bizitzan oso presente dauden gauzak dira, baina uste dut ez zaiela behar duten indarra ematen. Esan bezala, gazteok leku bat falta dugu aipatutako gaien inguruan analisi bat sortzeko, osatzeko eta gainerako gazteekin partekatzeko.
Zer adin eta profiletako jendea aritu zarete proiektuan?
Gazteen profil desberdinak bilatzen saiatu direla uste dut; bai izaerarengatik eta baita egoera soziolinguistikoarengatik ere. Euskal Herriko lurralde desberdinetako hamar pertsona elkartu gaituzte, eta oso profil anitzak ikus daitezke. Gaien inguruko ikuspuntu desberdinak ditugu parte hartzaileok.
Ezustekoren bat izan duzu iritziei dagokionez?
Bai, pertsonalki, ustekabe asko izan ditut, baina uste dut kontu orokor bat izan dela. Ezustekoak zentzu positiboan, esan nahi dut. Azken finean, ikusten duzu nola zauden oso finkatuta zure iritzian eta zure gauzak ulertzeko moduan, eta gazte profil eta egoera desberdinak edukita, ohartzen zara norberaren iritzia ere eraldatu edo moldatu daitekeela. Edo, gutxienez, beste testuinguru batzuk ulertzen laguntzen dizu. Niretzat ezusteko handia izan da, testuinguruaren arabera, gazteok gai batzuk desberdin nola bizi ditugun ikustea. Asko ikasi eta hausnartu dugu.
Nolatan hartu duzu parte Geruzaken?
Beste proiektu komunikatibo batzuetan parte hartu izan dut, eta pentsatzen dut horregatik jarri zirela nirekin harremanetan. Ikus-entzunezko proiektu baterako nire profileko pertsona bat bilatzen ari zirela esan zidaten, eta animatu egin nintzen.