Ibai parkea eta Lugañene pasealekua lotzeko proiektua lizitaziora atera dute, berriz ere
Txomiñeneko Ibai parkea eta Lugañene pasealekua lotzeko proiektuaren lanak kontratatzeko espedientea onartu du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Estreinakoz, urte hasieran onartu zuten proiektua, eta lizitaziora atera zuten. Aldiz, inflazioak eragindako garestitze orokorra dela eta, udalaren beste hainbat adjudikaziorekin gertatu den moduan, ez zen enpresarik aurkeztu. Horregatik, kontratazio espedientea berriz onartu dute orain, aurrekontua %19,59 igota: 188.581 eurokoa zen urte hasieran, eta 225.538 eurokoa da orain. Adjudikazioa jasotzen duen enpresak hiru hilabeteko epean gauzatu beharko ditu lanak.
Proiektuaren nondik norakoei dagokienez, alde batetik, Lugañene ingurua han dagoen oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbidearekin lotuko dute. Zehazki, 27 Industrialdera sartzeko biribilgunea eta Martutene pasealekua lotzen dituen lotuneko espaloia lotuko dute aipatu ibilbidearekin. Hori izango da proiektuaren ardatz nagusia. Bigarren ardatza, aldiz, lehenengoaren adar bat da, eta Parfer izeneko eraikinaren atzealdean dagoen pasabidearen hegoaldeko zatian bukatuko da.