Poltsa konpostagarriak aste honetan eskuragarri jartzea aurreikusten du udalak
Azken asteotan, Eguzki Erakunde Ekologistak eta hainbat herritarrek salatu dute poltsa konpostagarriak doan eskuratzeko udal makinetan ez dagoela poltsarik, makinetan dagoen oharrak dioenez, “hornidura faltagatik”. Hain zuzen ere, horren inguruan galdetu zion Elkarrekin Donostiako Aitzole Aranetak Miguel Angel Diez Hiri Mantenimenduko zinegotziari asteleheneko udal batzordeetan, baita “alternatibak” eskatu ere, udala “birziklatzea zailtzen” ari dela salatuz.
Udaleko iturriek hedabide honi azaldu diotenez, “alternatibak bilatu ditu udalak, baina lehengaien horniduran izandako arazoengatik eta garraioan izandako arazoengatik eskaerak ohi baino gehiago atzeratzen ari dira”. Horrela ere, poltsak urriaren “bigarren edo hirugarren astean” jasotzea aurreikusten dutela nabarmendu dute; dagoeneko hirugarren astean murgilduta gaudenez, beraz, aste honetan bertan egon beharko lirateke makinak funtzionamenduan, berriz ere. Hala ere, eta poltsak doan ematearena udalaren zerbitzu bat bada ere, aipatu iturriek azaldu dute Diezek udal batzordeetan nabarmendu zuela poltsa konpostagarriak supermerkatuetan ere erosi daitezkeela.
Urtarriletik dator
Aipatu iturriek azaldu dutenez, urtarrilaren 26an egin zituzten makinak poltsak hornitzeko adjudikazioak: Alqui Envas enpresari adjudikatu zioten lote bat eta Querencia S.L.-ri beste bat. Aldiz, otsailaren 10ean, Querenciari egindako eskaria bertan behera utzi zuen udalak, pleguetan ezarritakoa ez betetzeagatik, eta martxoaren erdialdean bi loteak Alqui Envasi adjudikatzea onartu zuten.
Ordea, apirilaren 8an, Querenciak helegitea aurkeztu zuen Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoan (KEAO), eta udalak kontrakoa espero bazuen ere, erakunde horrek helegitea onartu zuen. Horrela, maiatzean, “denbora irabazteagatik”, Alqui Envasi eskaera txikiago bat egin zioten, helegitea argitzen zen bitartean. Eskaera hori ekainaren hasieran jasotzea zen aurreikuspena, baina “hornidura arazoengatik”, uztailaren hasieran jaso zuten azkenean. Uztailean bertan, KEAO-k arrazoia eman zion udalari, eta hilabete horretako 14an sinatu zuen udalak kontratua Alqui Envasekin, poltsak eskatuz.
Irailaren hasieran, makina batzuk poltsarik gabe gelditzen hasi ziren, eta gaur egun egoera horretan daude makinak. Iraileko hirugarren astean aurreikusten zuten poltsak jasotzea, baina “atzerapenak” daude, poltsa batzuk oraindik egin gabe daudelako. Horrela, aipatu moduan, aste honetan hornitu beharko lituzkete berriz ere makinak.