San Telmo museoaren 120. urteurrena izan dute hizpide mintzodromoan
Bagera Euskaltzaleen Elkarteak, udaleko Euskara Zerbitzuak eta San Telmo museoak antolatuta, mintzodromoa egin dute astearte goizean San Telmo museoan bertan, eta bertaratutakoek ordubetez euskarazko mintzapraktika egiteko aukera izan dute. Museoak 120 urte bete ditu aurten, eta, hain zuzen ere, urteurrena izan da mintzodromoaren gaia.
Bi txanda egin dituzte: bat 10:00etan eta bestea 11:00etan. Bietan, 60 bat lagunek hartu dute parte, lauko taldeetan banatuta, eta hamabost bat minutuan behin mahaiz aldatuta, horrela ahalik eta pertsona gehiagorekin hitz egiteko. Museoaren 120. urteurrena izan da gai nagusia, baina hiru azpigai planteatu dizkiete antolatzaileek parte hartzaileei: museoaren herri izaera, euskal gizartearen eta museoaren arteko lotura eta museoaren eta iraganaren, orainaren eta geroaren arteko harremana.
Bestalde, parte hartzaileek IRUTXULOKO HITZAren astekariak ere jaso dituzte, euskaraz hitz egiteaz gain, irakurtzeko aukera ere izan dezaten.