Amara Berriko haurtxoko eta gazteleku berriak hilaren 21ean irekiko dituzte
Amara Berrik haurtxoko eta gazteleku berriak izango ditu, ostiraletik aurrera. Hilabetetako lanen ondoren, azkenean, kokapen berri batean zabalduko dituzte. Aurrerantzean, Anoeta futbol estadioaren behealde batean egongo dira. Zehazki, Anoeta pasealekuaren 17. zenbakian.
Irekiera festa 17:00etan hasiko da, eta iluntzera bitarteko hainbat jarduera antolatu dituzte familia, haur eta gazteentzat. Besteak beste, tailerrak, jolasak, merienda eta dantza saioa.
Haurtxoko eta gazteleku kanpoaldean photocall bat jarriko dute 17:00etatik 20:00etara, eta dantza saioa 17:30etik 19:00ak arte izango da. Haurtxokoan, berriz, haurren aurpegiak margotuko dituzte (17:00-18:30), marrazki txokoa egongo da (17:00-19:30), globofexia (18:45-19:25) eta krepe gazi eta gozoen tailerra (17:30-19:00). Azkenik, gaztelekuan, hiru jarduera egingo dituzte: telazko poltsak eta biserak egiteko tailerrak (17:00-17:50), air brush tatuajeak (18:00-19:15) eta merienda osasuntsua (19:00-19:30).