Arima Soul taldeak Girando Por Salas zirkuituan parte hartuko du
Argitaratu dituzte Espainiako Estatuko aurtengo Girando Por Salas musika zirkuituan parte hartuko duten 26 taldeen izenak, eta Arima Soul donostiarrak daude tartean. Estatuko 676 taldek hartu dute parte zirkuituaren hautaketa prozesuan, tartean zortzi donostiarrek: Ghost Number, Arima Soul, Noa & The Hell Drinkers, Impacto Vudu, Mugan, Olana Liss, Olimpia eta Sin Mala Intencion.
Horrela, Arima Soul izan da zirkuituan parte hartzeko hautatu duten talde donostiar bakarra, eta hauek izan dira hautatu dituzten beste 25 taldeak: Aiko El Grupo, Anabel Lee, Ballena, Bourbon Kings, Confeti de Odio, Dani, Dani Botillo, Faneka, Furious Monkey House, Hoonine, Johnny Garso, Kora, La Ganga Cale, Lorreine, Malafe, Marisa Valle Roso, Nativa, Nat Simons, La Trinidad, Los Mejillones Tigre, Luis Fercan, Queralt Lahoz, Razkin, Tacho eta Vera Fauna. Arima Soulekoak pozik agertu dira hautatuak izatearekin: “Eskerrik asko guztioi hau errealitate bihurtzeagatik; ilusio eta emozio handiz hasiko dugu abentura hau!”.
Espainiako Kultur eta Kirol Ministerioaren Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutuak sustatutako zirkuitua da Girando Por Salas, eta gaur egungo musika bultzatzeko eta talde eta musikari berriak ezagutarazteko helburua du, taldeei euren erkidegotik kanpoko aretoetan jotzeko erraztasunak emanez. 2010ean sortu zuten zirkuitua, eta hamarnaka talde eta bakarlarik hartu dute parte urteotan.
Aurten, estatuko 210 aretok eman dute izena zirkuituan, eta hautatutako taldeek euren erkidegoetatik kanpoko aretoetan joko dute, edo, erkidegoaren barruan izanez gero, gutxienez euren udalerritik 300 kilometrora. Era berean, hautatuek diru laguntza bat jasoko dute, ekoizpenean eta sustapen diskografikoan laguntzeko.
Lehenengo diskoa argitaratu berri dute
Arima Soul taldea 2020an sortu zuten Lidia Insausti abeslari donostiarrak eta Mikel Unzurrunzaga Makala baxu jotzaile zarauztarrak, eta euren lehenengo disko luzea argitaratu zuten duela bi aste. Insaustirekin eta Makalarekin batera, Paul San Martin pianista donostiarrak eta Gorka Gaztanbide bateria jotzaileak osatzen dute taldea. 1960ko eta 1970eko hamarkadetako soul eta rhythm & blues kutsuko musika egiten du, baina neo-soularen ukitu garaikidearekin eta euskaraz; kanta klasiko batzuen bertsioak ere egiten dituzte. 2020an, EP bat ere argitaratu zuten; orduan, Hilario Rodeiro zen taldeko bateria jotzailea. EP horren bueltan, Makala eta Insausti elkarrizketatu zituen orduan hedabide honek, eta nabarmendu zuten soul musika euskaraz egitea zela euren apustua.