Eduardo Mendoza eta Abdellah Taia idazleak Literaktum jaialdian izango dira
Literaturaren eta zinemaren arteko harremana izango du hizpide aurtengo Literaktum jaialdiak. Azaroaren 14tik 27ra bitartean egingo da, eta parte hartuko dute bi idazleren izenak aurreratu dituzte: Eduardo Mendoza eta Abdellah Taia.
Film bilakatutako eleberriak dituzten autoreak eta batetik besterako sorkuntza prozesua izango dira mintzagai eta nazioarteko literaturaren izen ezagunak hartuko ditu jaialdiak. Mendoza eta Taia dira horietako bi. Mendozak Franz Kafka Saria jaso zuen 2015ean eta Cervantes Saria 2016an. Bere obran oinarrituriko hainbat film egin dituzte. Taiak, berriz, L’armée du salut eleberria argitaratu zuen 2006an, eta izen bereko filma ere zuzendu du.
Egitarau zabalaren barruan, aurten ere Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak banatuko dutuzte. Azaroaren 19an izango da ekitaldia, 19:30ean, eta gonbidapenak hilaren 21etik aurrera eskuratu ahal izango dira Donostia Kulturaren webgunean (11:30etik aurrera), eta Viktoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.
Literaktum Txikiak, berriz, iaz oso arrakastatsua izan zen ilustrazio lehiaketa izango du aurten ere. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako lehiaketa da, eta Txano eta Oscar komikiko pertsonaien abenturak dira ilustraziorako gaia. Marrazkiak Donostiako Haur Liburutegi Nagusian eta kultur etxeetako liburutegietan aurkeztu beharko dira azaroaren 2tik 15era.