Groseko bi gazte pairatzen ari diren egoera salatzeko mobilizatzera deitu du Saretxek
Groseko bi gazte etxerik gabe gelditzeko arriskuan daudela salatu zuen joan den astean Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuak, eta euren egoera salatzeko mobilizazioak antolatu ditu datorren asterako. Bi gazteak alokairuan bizi dira Secundino Esnaola kaleko 40. zenbakian, Alastuey Apartamentos S.L. enpresaren jabetzako etxebizitza batean, eta, hain zuzen ere, enpresa horren egoitzaren aurrean (Secundino Esnaola, 48) elkarretaratuko dira astelehenean, hilaren 24an, 11:00etan. Horrez gain, ostegunean, hilaren 27an, manifestazioa egingo dute, 19:30ean, Pinudi plazatik abiatuta. Maizterrekin egindako akordioa betetzeko eskatuko diote mobilizazio horietan enpresari, egoerak hobera egin ezean, azaroaren 1ean etxetik botako baitituzte bi gazteak.
Beñat Arana eta Andoni Iriondo (biak Grosen jaioak, 1996an) dira bi maizterrak, eta hedabide honek elkarrizketa egin die; ostiralean argitaratuko da elkarrizketa, webgune honetan eta astekarian. Aranak eta Iriondok azaldu dutenez, hasieran hiru lagun bizi ziren etxebizitza horretan, baina, uztailean, jabeari jakinarazi zioten hirugarrena etxea uztekoa zela. Jabeak esan zien beste kiderik ez bilatzeko, etxean biak soilik gelditzea nahi zuela, ordura arteko moduan 1.200 euro ordaindu ordez, 800 euro ordainduta (bi heren, alegia). Hori zioen kontratua sinatu zuten maizterrek, baina jabeak ez zien sinatuta bueltan bidali, eta etxetik bota nahi ditu orain.
Maizterrek diotenez, iraileko alokairuaren kuota hiru egun berandu ordaintzeagatik bota nahi dituzte. Ordea, berandu ordaindu zuten aipatu negoziaketak abian zeudelako eta oraindik ez zegoelako argi zenbat ordaindu behar zuten hilabete horretan. Aipatzekoa da, halaber, etxebizitza horri erabilera turistikoa ematen ziola jabeak pandemiaren aurretik, eta pandemiaren garaian pasatu zuela alokairu arruntera. Hain zuzen ere, oraindik etxebizitza turistikoek eduki ohi duten plaka jarrita dago oraindik etxebizitzaren atean eta atarian.
👇👇
— Saretxe / Groseko Etxebizitza Sindikatua (@SaretxeG) October 19, 2022
Aurreko astean auzoko bi gazte sufritzen ari diren egoeraren berri eman genuen. Zoritxarrez egoerak bere horretan jarraitzen du eta hobetu ezean Azaroaren 1an kalera botako dituzte
Egoera salatu eta jabeak akordioa bete dezan exijitzeko mobilizazioak antolatu ditugu
(1/3) pic.twitter.com/zNWhbOI3Np