Medikuntzaren aurrerapen nagusiak izan ditu aztergai Gizarte Kontseiluaren topaketak
Medikuntzaren azken hamarkadetako aurrerapen nagusiei buruzko topaketa egin zuten atzo Tabakalerako Z aretoan, Donostiako Gizarte Kontseiluak antolatuta. Pilar Lekuona Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialeko presidenteak, Julio Arrizabalaga Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutuko zuzendari zientifiko ohiak eta Itziar Bergara Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutuko lehen mailako arretaren arduradunak hartu zuten parte.
Arrizabalagak hiru talde handitan laburbildu zituen azken hamarkadetako aurrerapen nagusiak: alderdi kirurgikoak, besteak beste, gorputzaren zulo naturaletatik eta zainetatik zein arterietatik egiten den kirurgia; antibiotikoak, antibiralak eta txertoak, gainditu ezinezkotzat jotzen genituen gaixotasunak sendatzea ahalbidetu dutenak; eta iristear diren terapia zelularrak eta genikoak, gaixoa odolaren bidez sendatzen dutenak.
Bergararen ustez, biologia zelularra eta molekularra ezagutzeak medikuntza irauli du, baita farmakoek eta horiek eskuratzeko aukerak ere. “Baina garrantzitsuak izan arren, dena ez da polita, gutxietsi ezin ditugun bi elementu baitaude horri lotuta: antibiotikoak gaizki erabiltzeagatik sortzen diren erresistentzia antimikrobianoak, alde batetik, eta polifarmazia, bestetik, gehiago bizi arren, adineko pertsona askok egunean hamar farmako baino gehiago hartzen dituztelako”.
Lekuonaren iritziz, aurrerapenak osasunari, zaintzari eta zahartzaroari buruzko ideologia aldatzetik etorri behar du: “Ulertu behar dugu dena ezin zaigula eginda eman, estrategia politiko eta publikoetan aurrera egin behar dugula, eta elkar laguntzen eta ulertzen saiatu behar dugula. Pandemiari esker, alor askotan aurrerapen handiak egin ditugu: giza alderdian, sentimenduenean, emozioetan… Ikasitako hori ezin dugu galdu”.
Pandemiari dagokionez, Arrizabalagak eta Bergarak ikerketaren eta aurretiazko ezagutzaren garrantzia nabarmendu zuten. “Pandemiatik atera gaituena beste gaixotasun mota bat sendatzeko egindako proposamena izan zen, bere momentuan baztertu egin zena. Baina ezagutza hor zegoen, teknika ere bai, eta horri esker, arazoari azkar erantzuteko gai izan gara”, gaineratu zuen Bergarak. Gainera, pandemiak irakatsitakoen zerrendari beste bi alderdi gehitu zizkion: maila guztietako lankidetza-esperientzia eta datuen kudeaketa eta gardentasuna.
Medikuntzaren etorkizuna
Medikuntzaren etorkizunaz eta datozen hamarkadetan Donostian ezagutu ahal izango ditugun aurrerapenez galdetuta, adimen artifiziala jada errealitatea dela azpimarratu zuten hirurek, eta teknologia gaixoen etxeetan zein kontsultetan ezarrita dagoela honezkero: BetiOn telelaguntza-zerbitzu publikoa eta telefono bidezko arreta aukerak, adibidez.
Gaixotasun oso hedatuen kasuan, programa informatikoak erradiografietan anomaliak detektatzeko gai direla azaldu zuen Arrizabalagak eta, horrela, detekzio-prozesua arintzen dela, datu-base partekatuen erabilerari esker. “Baina behin eta berriz esango dut niretzat garrantzitsuena giza alderdia dela”, azpimarratu zuen Lekuonak.