Parte Zaharrean zuntz optikoaren sare berria jarriko dute
Donostiako Udala Parte Zaharrean zuntz optikoa zabaltzeko egin beharreko lanak hasteko azken tramiteak egiten ari da. Izan ere, urria bukaeran hasiko dituzte sare berria jartzeko lanak. Urbycolan enpresak egingo ditu, eta 640.651 eurokoa da aurrekontua. Europar Batasunaren Next Generation funtsen finantziazioa izango dute. Sei hilabeteko epea dute obra bukatzeko.
Datozen egunetan, auzotarrek udalaren gutuna jasoko dute lanei buruzko informazioarekin. Zuntz optikoaren sare berria Parte Zaharreko 200 bat etxebizitzen eta hainbat establezimenduren –taberna, jatetxe zein saltokiak– telefono eta Internet zerbitzua hobetuko du.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak adierazi du azpiegitura hau instalatzea udalaren “lehentasuna” izan dela, “auzotarrek zein merkatariek behar duten konektibitatea bermatzeko”. “Gainera, Alde Zaharraren kasuan, kontuan hartu behar izan da Monumentu Multzoaren izendapena duela, eta horrek, tramitazioa zein irtenbide teknikoak zaildu ditu, izan ere, lanak egiterakoan ondareari ez eragiteko irizpideak kontuan hartu behar izan dira”.
Bestalde, telekomunikazio sarerekin gertu ez duten auzoko beste 69 atariren egoera aztertzen ari da udala. Gainera, telekomunikazioen operadore ezberdinekin harremanetan jarraitzen du udalak jarriko duen azpiegituratik sarearen zabaltzea koordinatzeko.