Azerbaijango musika izango da Miramongo Matinéearen protagonista larunbatean
Duela bi aste Miramongo Matinéearen 31. edizioa inauguratu ostean, larunbat honetan, urriak 22, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika denboraldiko kontzertuetako bigarrena izango da. Bertan, Le Monde Laukoteak Soinuaren koloreak izeneko kontzertua eskainiko du. Taldea orkestrako lau kidek osatzen dute: Kamran Omarli (biolina), Virgile Demillac (biolina), Monika Mazur (biola) eta Gabriel Mesado (biolontxeloa).
Laukoteak bi obra eskainiko ditu Matinée honetan: Franghiz Ali-Zadehren Mugam Sayagi eta Edvard Griegen 1. Hari-kuartetoa.
Franghiz Ali-Zadeh 1947an Bakun jaiotako musikagile eta pianista azerbaijandarra da. Ezaguna da Azerbaijango mugam genero folklorikoaren musika-tradizioa eta XX. mendeko mendebaldeko konposizio-teknikak uztartzeagatik. 2008an UNESCOren Bakearen aldeko artista ohorezko titulua jaso zuen, eta gaur egun Azerbaijango Konpositoreen Batasuneko presidentea da.
Edvard Griegek hari-kuarteto oso bat bakarrik ekoitzi zuen, 1878an idatzitakoa, hain zuzen Matinée honetan entzungo dena. XIX. mende amaierako hari-kuarteto originaletakoa da, eta itzal handienetakoa utzi duena. Griegen musika-hizkera aurrerakoia izan zen bere garairako, batez ere hari-kuartetoaren genero kontserbadorearen barruan.
Sarrera solteak (11 euro) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.