Beldur Barik lehiaketako proposamenak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 11era arte
Udaleko Gazteria eta Berdintasun sailek Beldur Barik jarrera sustatzeko lehiaketa antolatu dute. Horren bidez, indarkeria sexista eta matxista kasuak ikusarazten dituzten taldekako proiektu artistikoak aurkezteko aukera izango dute 12 eta 20 urte bitarteko gazteek. Epea azaroaren 11era arte dago zabalik, www.beldurbarik.eus webgunean.
Lehiaketaren xedea da emakumeek jasaten dituzten bereizkeria egoerei aurre egiten dioten lanak sortu eta sustatzea. Lan horiek errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarrerak islatu behar dituzte. Horrenbestez, Beldur Barik lehiaketara aurkezten diren proiektuek emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, pluralak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar dituzte.
Lehiaketan edozein proiektu artistiko onartuko da, baldin eta euskarri digitalean aurkezten bada: flashmob, errezitatutako poemak edota kameraren aurrean irakurritako hausnarketazko testuak, bideoklipak, argazkiak, fotonobelak, lipdubak, dantzak, etab.
Kontuan hartu beharrekoak
Lanen balorazioan honako hauek hartuko dira kontuan: mezuaren kalitatea (emakumeen ahalduntzetik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta gizonen konpromisoa matxismoaren aurka); originaltasuna; gazteek beraien egunerokoan bizi dituzten indarkeria kasuak identifikatzea; jorratutako gaiaren inguruko ikuspegia eta tonua, eta euskararen erabilera.
12 eta 20 urte arteko gazteek hartu ahal izango dute parte, eta hiru kategoria egongo dira: 2010 eta 2008 urteen artean jaioak (12-14 urte); 2007 eta 2005 urteen artean jaioak (15-17 urte) eta 2004 eta 2002 urteen artean jaioak (18-20 urte).
Sariei dagokienez, lehenengo eta bigarren kategorietan, Donostiako kirol- edo kultura-ekitaldi batera joateko sarrerak irabazi ahal izango dituzte. Hirugarren kategorian, aldiz, saria 300 eurokoa da.
Epaimahaikideek azaroaren 25ean jakinaraziko dute irabazleak nortzuk diren, sari banaketa ekitaldian.