Carlos Sanz, Gaur taldeko artista ezezagunena
Carlos Sanz artista donostiarraren erakusketa antologikoa jarri dute ikusgai Kursaaleko Kubo Kutxa aretoan.
“Carlos Sanz artistaren obra estimatua da artearen munduan, baina publiko orokorrarentzat itzalean gelditu da”. Hala azaldu dute Carlos Sanz donostiarraren (1943-1987) obra Kursaaleko Kubo Kutxa aretoan, Carlos Sanz erakusketa antologikoaren aurkezpenean. Eta, hala da: Gaur taldean aritu zen Jose Antonio Sistiagarekin, Jose Luis Zumetarekin, Jorge Oteizarekin, Eduardo Txillidarekin, Amable Ariasekin eta abarrekin batera –are, Zuzenbidea ikasi zuenez, taldearen estatutuen idazketan parte hartu zuen–, baina bere lana ez da haiena bezain ezaguna. Horregatik, Harkaitz Millan aldundiko Kultura diputatuak nabarmendu du “justizia historikoa” egin dutela erakusketarekin. Sanzen lana ezagutzeko aukera paregabea eskainiko du gaurtik (hilak 21) 2023ko urtarrilaren 22ra arte Kubo Kutxa aretoak (asteartetik igandera, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara).
Aretoko arduradun Ane Abaidek aurkezpenean azaldu duenez, 2020an hasi ziren erakusketaren proiektua garatzen, artistaren anai Miguel Sanzek aldundiko Gordailuari Carlos Sanzen obraren zati handi bat dohaintzan eman zionean. Hain zuzen ere, Miguel oroitu dute, dagoeneko hilda baitago, eta, beraz, ezin izan baitu erakusketa ikusi. Obra batzuk zaharberritu behar izan zituzten, eta lanen ikerketa sakona egin zuen ondoren Mikel Lertxundi komisarioak. Horrela, dohaintzako lanekin zein beste erakunde batzuen eta partikularren bildumen lanekin (San Telmo museokoak eta Altxerri galeriakoak, besteak beste), Kursaalean ikusgai dagoen erakusketa osatu dute, 130 piezarekin baino gehiagorekin: olioak, collageak eta marrazkiak daude tartean.
Sanzek hemofilia gaixotasuna zuen, eta bere bizitza eta obra guztia baldintzatu zituen horrek. Haurtzaroan, gaixotasuna zela eta, ezin izan zen eskolara joan, eta helduen artean hazi eta hezi zen, hein handi batean, bere etxetik kanpoko mundutik aldenduta. Ordea, Lertxundik azaldu duenez, behaketarako gaitasun handia garatu zuen, eta hori oso presente dago bere obran, bere etxetik kanpo zegoen munduaz oso kontziente baitzen, eta asko kezkatzen zuen. Era berean, gaixotasunaren ondorioz, muga fisiko nabarmenak zituen Sanzek, eta, horregatik, halako mugak zituztenekin enpatia handia garatu zuen, eta bere obra askotan islatu zituen halako pertsonak: esaterako, erakusketan badago itsu bati egindako erretratu bat. Gaixotasunarekin lotuta, baita ere, oheak, leihoak eta bestelako elementu arkitektonikoak sarritan ikus daitezke bere artelanetan, berak denboraldi luzeak pasatu behar izaten zituelako ohean, eta, beraz, mundua aipatu elementuetatik ikusi behar zuen.
Ildo horretatik, Lertxundik beste elementu errepikakor bat nabarmendu du: homunkulua. Sanzen obra askotan ageri da, eta Sanzek berak deitzen zion horrela. Ez da beti berdina: batzuetan borobila, beste batzuetan gizaki forma argiagoarekin, beste batzuetan krisalida baten antzekoa, beste batzuetan odola darion fetu baten modukoa da, eta abar. Lertxundik azaldu duenez, artistaren beraren “metafora” bat da homunkulua, bere ahultasun fisikoari erreferentzia egiten diona.
Hiru aretotan banatuta
Erakusketa hiru aretotan banatuta dago, ordena kronologikoa zein artistak garai bakoitzean zituen ezinegonak aintzat hartuta. 60ko hamarkadako lanak ditu lehenengo aretoak, eta Kanpoaldetik Barrualdera du izena, Lertxundik azaldu duenez, “kanpoko mundutik kezkatzen duenetik bere barrualdean kezkatzen duenera doalako”.
Sanz Alderdi Komunistatik gertu ibili zen frankismoan zehar, eta oso artista konprometitua zen; horregatik, lehenengo areto horretan, nabarmentzekoak dira bere konpromiso politikoa erakusten duten obrak: Franco diktadorearen hainbat marrazki daude –batzuetan diktadorearen figura soila ikusten da, eta beste batzuetan artistak diktadorearekiko zituen desirak: hilzorian agertzen da obra batean, adibidez–, Espainiako Poliziaren errepresioa erakusten duten obra batzuk ere badaude, eta Vietnamgo gerra salatzeko beste hainbat ere bai, besteak beste. Horrez gain, areto horretan ikus daiteke gerora bere estilo nagusia izan zenaren obra erakusgarria: Infanta. Errege familiako kide bat erakusten du, erabat desitxuratuta, monarkiaren usteltzea erakutsiz. Era berean, garai horretan hasi ziren agertzen homunkulua eta ohea bere lanetan, eta baita heriotzarekiko zuen ezinegona ere, Lertxundik nabarmendu duenez.
Bigarren aretoak Barrualdea du izena, eta, hain zuzen ere, bere barrenetan sentitzen zituenak ikus daitezke horko obretan, 1968. urtetik 1980ko hamarkadara doazenak. Barrokoan murgiltzen hasi zen 60ko hamarkadaren amaieran, eta koadro askotan, nolabait, beste koadro bat ikus daiteke koadroaren barruan; hainbat eszena daude artelan berean, alegia. Era berean, gero eta espazio abstraktuagoak eta planoagoak margotzen hasi zen, beti ere, homunkulua presente egonda.
Areto horren erdian, aretoaren forma geometriko bera duen areto txikiago bat eraiki dute, Sanzen obrez hobeto gozatzeko (ertainak eta txikiak direnez, hobeto ikusten dira espazioak banatuta). Gainera, areto txiki horrek hainbat ate eta leiho ditu, Aritz Gonzalez arkitektoak hala diseinatuta. Gonzalezek berak azaldu duenez, Sanzen obran horren presente dauden elementu arkitektoniko horiei erreferentzia eginez diseinatu du aretoa, eta, gainera, elementuok aretoaren alde batean eta bestean dauden artelanak ikusteko balio dute, modu diagonalean, artistaren ibilbideko hainbat unetako artelanak aldi berean ikusi ahal izateko.
70eko hamarkadan, espazio abstraktuak alde batera uzten hasi zen, eta espazio definituagoak margotzen hasi zen, beti ere, homunkulua lanean txertatuta. Bigarren aretoko obretan, barrokoaren eraginaz gain, arestian aipatutako behaketaren gaitasuna ere nabaria da. Horrez gain, beste teknika batzuk ere lantzen hasi zen: kolore biziagoak sartzen hasi zen, pintura koadroetan tantaka erortzea ahalbidetzen zuen eta abar. Lertxundik nabarmendu duenez, bere ibilbide guztiak “absurdoa islatzea” bilatu zuen, eta, horregatik erabiltzen zituen, esaterako, kolore biziak: “Kolore horien argitasuna eszena dramatikoekin kontrajartzen zituen, absurdoa erakusteko”.
Artistaren bi autorretratuk ixten dute aretoa, eta goialdean dago hirugarren eta azken aretoa: Collagea, poesia eta espiritu kolektiboa. Sanz oso pertsona umoretsua zela azaldu dute Lertxundik eta Sanzen senide Cristina Uriartek, eta, hain zuzen ere, horren erakusgarri dira areto horretan ikusgai dauden collage asko. Prentsatik hartzen zituen argazkiekin eta bestelakoekin osatzen zituen, eta eszena benetan bitxiak, eta, berriz ere, absurdoak ikus daitezke, pop munduaren eragina dutenak.
Linolio hainbat ere ikus daitezke areto horretan, eta baita bere zinema zaletasun handia erakusten duten obra batzuk ere: Luis Martin Santosen omenaldirako egindako kartela, adibidez. Era berean, Gipuzkoako Herri Estanpa mugimenduarekin izandako harremanaren inguruko grabatuak eta dokumentazio osagarria ikus daitezke bertan, eta beste hainbat kiderekin batera sortutako Korain gazteentzako zinema taldearen ingurukoa ere. Gaur taldeko kide Remigio Mendiburu eta Amable Ariasen erretratu bitxi batzuk ere badaude hor; bitxikeria gisa, Mendibururen eta Ariasen aurpegiak Gaur taldearen katalogotik atera zituen, eta hortik aurrera garatu zituen aipatu obrak.
Jarduerak erakusketan
Erakusketaren bueltan, hainbat jarduera antolatu ditu Kubo Kutxa aretoak. Alde batetik, larunbatetan bisita komentatuak egingo dituzte, doan: 17:30ean euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz. Bestalde, Sanzen obrarekin kontserbazio lan handia egin behar izan dutenez, azaroaren 10ean, Brenda Traver arte kontserbadore eta zaharberritzaileak hitzaldia eskainiko du, doan, 18:00etan. Azkenik, Lertxundik berak eta Juan Pablo Huercanos ikertzaileak hitzaldia eskainiko dute azaroaren 17an, 18:00etan, doan. Hiru jardueretarako, izena eman behar da, aretoaren webgunean.
Erakusketako hainbat obraren argazkiak ikus ditzakezue, jarraian: