Donostiako airean Saharako basamortuko partikulak daudela ohartarazi dute
Donostiako Udalak ohartarazi duenez, PM10 partikulen kontzentrazioak gora egin du Donostiako airean, Eusko Jaurlaritzaren airearen kalitatea neurtzeko sarearen datuen arabera. Horrek osasunean kalteak eragin ditzake, bereziki osasun egoera zaurgarrian dauden pertsonentzat. Penintsula osoan gertatzen ari den fenomeno bat da, hego haizeak eta tenperaturen gorakadak Saharako basamortuko partikulak iparraldera eraman baitituzte. Aurreikusten dute asteburura arte mantenduko direla aipatu partikulen kontzentrazio handiak.
Horrela, kontuz ibiltzeko gomendatu die udalak bereziki arnas gaitz kronikoak dituzten pertsonei, gaixotasun kardiobaskularrak dituztenei, diabetesa dutenei, haurrei, haurdun dauden emakumeei eta bestelako gaixotasun kronikoak dituzten adinekoei. Honako gomendio hauek eman dituzte, zehazki: aire zabaleko jarduera luzeak eta energetikoak murriztea, bereziki arrisku taldeentzat, eta, trafikoa hirian partikula iturri nagusia izanik, gomendatu dute garraio publikoa lehenestea eta autoa beharrezkoa denean soilik erabiltzea.