Fiskaltzak Zubietako erraustegia ikuskatu duen funtzionarioaren lana ikertzeko eskatu dio epaitegiari
GuraSOSek jakinarazi duenez, Zubietako erraustegiaren funtzionamendua ikuskatu duen funtzionarioaren lana ikertzeko eskatu dio fiskaltzak epaitegiari dekretu baten bidez. Berriak irailaren 17an argitaratu zuen informazio bat hartu du fiskaltzak ikerketa abiatzeko arrazoi gisa. Izan ere, erraustegian lanean aritutako langile batek hainbat agiri eta irudi utzi zituen hedabide horren esku. Horiek erakusten dute Zubietako bi errauste lerroetan likidoak husteko baimenik gabeko drainatze tutuak eraiki zituztela lehen suzko probak hasi ostean. Ikerketaren bidez jakin nahi da ea horiek eragin duten erraustegiaren inguruan atzemandako kutsadura.
Olatz San Miguel eta Joseba Belaustegi GuraSOSeko kideek agerraldia egin dute gaur Donostian, eta, jakinarazi dutenez, fiskaltzak aipatutako jazoerari buruz egindako ikerketaren ondorioak (71/22 ikerketa diligentziak) helarazi dizkio Donostiako Guardiako Epaitegiari. Aurrekari gisa, GuraSOSek irailaren 21ean idatzi bat helarazi zion fiskaltzari. Dokumentazio horrek “agerian uzten du likidoak husteko drainatze bat instalatu dela errekuntza gasen hodian, baimenik gabe. Ikuskapenak egin zituen teknikariak ustez ez ikusiarena egin zion horri”.
Fiskalaren ustez, salaketatik eta aurkeztutako dokumentaziotik ondorioztatzen da egitateek, zantzuen arabera, delitu baten ezaugarriak dituztela, eta Zigor Kodearen 329.1 artikuluan tipifikatuta eta zigortuta daudela.
Artikulu horrek ingurumen-prebarikazioko tipo penal astundua eta espezializatua aipatzen du, sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdiarekin eta zortzi hilabetetik hogeita lau hilabete arteko isunarekin zigortua, baita kode bereko 404. artikuluan prebarikazio orokorreko kasuetarako zehaztutako desgaikuntza ere.
GuraSOSek fiskalari helarazi zion dokumentazioak dio “drainatze tutu klandestino bat” dagoela Zubietako erraustegian, eta begi bistan dagoela, gainera. “Ezinbestez jabetu behar ziren instalazioetan bertan Ingurumen Saileko ikuskariak egindako kontroletan”, adierazi dute.
GusaSOSek ikuskapen horietan dauden pertsonak jasotzen dituzten aktak erantsi ditu, jabearen (GHK), Ingurumen Sailburuordetzaren, Ekondakin emakidadunaren eta Ekobal operadorearen ordezkari gisa. Guztietan ikuskatzailea Hipolito Bilbao Intxaurraga dela azaldu dute. Hipolito Bilbao Zaldibarko zabortegiaren ikuskapen-aktak egin zituen teknikari bera da, kolapsoa gertatu aurretik.