Teknologia menpekotasuna murrizteko alternatibak ezagutuko dituzte aurtengo Euskarabilduan
Utopia existitzen da. Teknologia burujabea herritik eta herrira. Izenburu horrekin antolatu dute aurtengo Euskarabildua, hilaren 27an, San Telmo museoan: “Menpekotasun teknologikoa murrizteko tokian tokiko teknologia burujabetzetan urratsak egiteko”.
Azken urteotako krisi anizkoitzek, “agerian utzi dute gure bizitzeko modua inguruneak ematen dizkigun baliabideak gainditzen dituela”, diote antolatzaileek. “Desazelerazioaz, deszentralizazioaz, subiranotasun eta kontrol autonomoaz hitz egiten da hainbat esparrutan eta esparru teknologikoa, jakina, ez dago guzti horretatik kanpo”.
Menpekotasun teknologikoa murrizteko teknologia berrien garapenak ugaritzen ari direla azaldu dute, ekoizpenean eta eskuragarritasunean borrokan ari diren herrialde zein herritar taldeei esker, teknologia libre, deszentralizatu eta federatuen aldeko apustua eginez.
Euskal Herrian, horren adibide dira Hernani Burujabe, tokiko garapen jasangarrian oinarritzen den egitasmoa, edo Sakananet telekomunikazio eredu mankomunatuaren aldeko proiektu, besteak beste.
Zer da Euskarabildua?
Euskarabildua, euskara eta teknologia elkartzea helburu duen jardunaldi dibulgatzailea da, 2012an sortua. Gizartean eragin nahi duten ekimen berritzaileentzako hausnarketarako eta zabalkunderako gunea, euskal gizartean eta euskaran aplikagarriak diren ezagutza eta berrikuntza teknologikoen sustapenerako aukera eskaintzen duena.
Argiak, Ametzagaiñak eta Iametzak elkarlanean antolatu dute jardunaldia hamaika urtez, urtero bogan dagoen gai baten inguruan arituz: Euskararen sustapena teknologia berrien bidez (2012); aukera berriak sarean (2013); IKTak hezkuntzaren mesedetan (2014); pantailaz beteriko mundua (2015) eta komunikazio emozionala: gizartea mugiarazteko tresnak (2016); Teknologia aurreratuak marketing eta komunikazio esparruan (2017); Gobernu irekietarako teknologiak (2018); Burujabetza teknologikoa: hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da (2019); Datuak pandemia garaian (2020); Zenbat kutsatzen du like batek? Mundu osorako Internet jasangarrirantz (2021).
Nazioarteko begirada bertako erronketara nola egokitu hausnartzeko parada izan da urtez urte, bertako zein kanpoko adituekin aritzeko aukera eskainiz. Melania Burdaa, Maria Jose Loureiro, Pablo Iglesias, Filipo Vizzotto, Neus Lorenzo, Ferran Clavell, Katrin Oddsottir.