"Akordioa betetzeko eskatzen dugu"
Groseko Secundino Esnaola kalean bizi dira Andoni Iriondo eta Beñat Arana, alokairuan (biak Grosen jaioak, 1996an). Pandemiaren aurretik, jabeak etxebizitza turistiko gisa erabiltzen zuen etxe hori, baina alokairu arruntera pasatu zuen pandemiaren harira. Orain, Iriondo eta Arana Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuaren bidez salatzen ari direnez, kaleratu egin nahi ditu, duela hilabete batzuk egin zuten akordioa urratuz. Horren aurrean, mobilizatzera deitu dute: astelehenean enpresaren egoitzaren aurrean (Secundino Esnaola, 48) elkarretaratuko dira 11:00etan, eta ostegunean manifestazioa egingo dute Pinudi plazatik abiatuta, 19:30ean.
Zenbat denbora daramazue hemen?
Beñat Arana (B.A.): Ni 2021eko otsailean sartu nintzen, beste bi pisukiderekin. Aurtengo otsailean, beste biek etxea utzi behar izan zuten, eta orduan sartu ziren Andoni eta beste pisukide bat.
Nor da etxearen jabea?
B.A.: 2021eko otsailean, kontratua jabearekin sinatu genuen, partikular gisa. Hala ere, bere alaba etorri da beti negoziazioetara. Abenduan, kontratua aldatu zuten, eta euren enpresaren izenean sinatu zuten, Alastuey Apartamentos S.L.-ren izenean.
Andoni Iriondo (A.I.): Hori garrantzitsua da, jabeak aktibatu nahi duelako klausula bat, dioena alokatzaileak etxea behar duenean eskatu dezakeela. Ordea, guk ulertzen dugu ezin duela hori egin, legeak dioelako pertsona juridiko batek ezin duela etxebizitza bat eskatu, pertsona fisiko batek ez bezala.
B.A.: 2022ko otsailean, Andoni eta beste pisukidea sartu ziren, eta kontratu berri bat sinatu genuen. Berriz ere, enpresa zegoen alokatzaile gisa. Urtebetekoa zen kontratu hori, 2023ko otsailera artekoa, eta modu tazituan berritzekoa.
Noiz hasi ziren arazoak?
B.A.: Uztailean. Beste pisukideak lana lortu zuen atzerrian, eta, beraz, irailean etxea utziko zuela erabaki zuen. Alabari abisatu genion uztailean bertan, eta planteatu genion hirugarren pisukide bat aurkitu genezakeela irailerako. Berak, ordea, esan zigun ezetz, Andoni eta biok soilik gelditzeko, eta alokairuaren bi heren ordainduko genituela: 1.200 euro ordaindu beharrean, 800 euro. Pixka bat harritu gintuen horrek, eta berriz ere galdetu genion ea arazorik legokeen hirugarren pertsona bat bilatuz gero. Berak espreski esan zigun beste inor ez bilatzeko, jabeak bi pertsona soilik nahi zituela.
A.I.: Hori Whatsapp bidez esan zigun. Pentsatu genuen hala egin nahi zuela, otsailean esateko ezin genuela kontratua modu tazituan berritu, 1.200 euro ordaintzeko sinatu genuelako otsailean, eta 800 euro ordaintzen ariko ginelako irailetik otsailera. Ondorioztatu genuen nolabait otsailean bota nahi gintuztela.
Horrela, irailera iritsi ginen, alokairuaren bi herenena zioen kontraturik sinatu gabe. Gure beste pisukide hori irailaren 15ean zen etxea uztekoa, eta, beraz, hilaren hasieran alabari galdetu genion ea zenbat ordaindu behar genion irailean, nola egingo genuen beste pisukidearen bermea itzultzeko, eta abar.
B.A.: Astebetez, ez zigun ezer erantzun.
A.I.: Ordainketa, berez, hilaren 1etik 5era egin behar genuen, baina bere erantzunaren zain geunden. Bat-batean, hilaren 7an idatzi zigun, esanez ez genuela ordaindu eta ordaindu behar genuela. Ez zigunez zehaztu nola egingo genuen ordainketarena, 1.000 euro ordaindu genizkion: guk biok gure heren osoak eta beste pisukideak bere herenaren erdia. Izan ere, otsailaren 15ean sartu ginen etxean, eta horrela egin genuen.
B.A.: Ordainketa hori egin genuen egunean, kontratu berria bidali zigun, non aipatzen den pisukideetako batek etxea utzi duela, gu biok gelditzen garela eta 800 euro ordainduko ditugula.
A.I.: Kontratua sinatuta bidali genion irailaren 15ean, baina berak ez zigun bere sinadurarekin bueltan bidali. 19an, esan zigun jabearekin hitz egin zuela, eta etxea utzi beharko genuela, hiru eguneko atzerapenarekin ordaindu genuelako, eta, gainera, jabeak etxebizitza nahi zuelako, bera bizitzeko.
Jabeak etxea behar duela esan dizuete, baina salatu duzue etxebizitza gehiago dituela, ezta?
B.A.: Hasieran, pentsatu genuen, ‘amak benetan etxea behar badu…’. Saldu zigulako ama alargun pentsiodun bat zela, besterik gabe. Ordea, erregistroan begiratu genuen amak zenbat etxebizitza dituen, eta zazpi etxeren jabea da: bat Jakan, bat Marbellan, bat Zaragozan [Espainia] eta lau Grosen: Mirakruz kalean bat, etxebizitza turistiko gisa dagoena Bookingen; Bermingham kalean beste bat, Idealistan 420.000 euroan salgai dagoena eta erabilera turistikorako lizentzia duena; Kolon pasealekuan beste bat eta gurea.
A.I.: Eta, garajeak eta horrelakoak ere baditu. Hori ikusi genuenean, ondorioztatu genuen beste parametro batzuetan mugitzen ari ginela, jabea ez zela etxea behar zuen alargun gaixo hori. Horrela, alabari deitu genion, esanez ez geundela ados kontratuaren deuseztatzearekin, eta juridikoki ikusiko genuela zer bide hartu. Berak, aldiz, dokumentu bat bidali zigun, esanez azaroaren 1erako ez bagenuen etxea uzten, auzitara eramango gintuela.
Saretxerekin harremanetan jarri ginen orduan, ulertzen genuelako beraien laguntza eta babesa behar genuela. Orain, bi bide daude: bide judiziala eta negoziazioaren bidea. Helburua da bide judizialean ez erortzea. Izan ere, galduz gero, 6.000 bat euroko galerak izan ditzakegu.
Negoziatzen ari zarete?
A.I.: Alabarekin bilera bat izan genuen duela bizpahiru aste, eta bileran Saretxeko kide bat ere egon zen.
B.A.: Oso itxita agertu zen. Planteatu genion behintzat otsailera arte gelditzen uzteko, kontratua bukatu arte, eta otsailean hitz egingo genuela berriz. Berak esan zigun hori pentsaezina dela: asko jota azaroaren 15era arte luzatu dezakeela epea, baina ez gehiago, bere amari orduan bukatzen zaiolako bere alokairua, eta, beraz, etxea behar duelako.
A.I.: Oso arraroa iruditu zitzaigun dena. Opakotasun handia egon da hemen, hasieratik: esaterako, uztailean bertan esan izan baligu hobeto pentsatu zutela eta diru asko galtzen zutela gu biok soilik geldituta, edo amak etxea behar zuen unean alde egin beharko genuela, beste egoera batean egongo ginateke. Aldiz, ez dizkigu gauzak argi esan, eta auzitara jotzeko mehatxuarekin dabil une oro.
Horregatik guztiagatik, kasua jendaurrean azaltzea egitea erabaki genuen. Ez guk irabazteko (segur aski, ez daukagu asko irabazteko), baizik eta egoera bidegabe bat delako eta ulertzen dugulako hau ez dela kasu isolatu bat: Grosen eta, oro har, Donostian gertatzen ari da. Donostian, putre funtsek ez dituzte beste hiri batzuetan bezain beste etxe, baina burgesia klase bat dago, lau, bost, sei, zazpi edo etxebizitza gehiago dituena. Eta, oso gertuko jendea izan daiteke burgesia hori. Etxeak alokairu turistikoan izan dituzte azken urteotan, baina pandemiarekin alokairu arruntera pasatu dituzte; orain, berriz ere erabilera turistikorako erabili nahi dituzte. Eta, gure auzokideak auzotik botatzen ari dira, helburu ekonomikoekin.
B.A.: Ez dakigu benetan zer egin nahi duten etxe honekin: amak berarentzat erabiliko duen edo erabilera turistikoa emango dioten, berriz ere. Ez gara hor sartzen. Eskatzen dugu gurekin egindako akordioa betetzeko, besterik ez.
Zeintzuk izango dira emango dituzuen hurrengo pausoak?
A.I.: Gure asmoa kasua azaleratzea zen, eta presio publiko horrekin jabea berriz ere bilera batean eseraraztea. Berriki, gurekin harremanetan jarri da, beraz, pentsatzen dugu agian beste bilera bat atera daitekeela hemendik. Bestela, erabaki beharko dugu azarotik aurrera etxe honetan jarraituko dugun edo ez.
Bereziki, botere desorekak salatu nahi ditugu, eta argi utzi hau gertatzen dela, zure etxejabea ez dela zure laguna eta ez zaudela bakarrik.