Amara Berriko haurtxoko eta gazteleku berria zabaldu dituzte, lau urteren ondoren
Amara Berriko haurtxoko berriak gaur arratsaldean zabaldu ditu ateak estreinakoz, Anoeta pasealekuko 17. zenbakian. 17:00etan hasi da inaugurazio festa erraldoia, eta bertaratu diren haur eta familiek askotariko jarduerak egiteko aukera izan dute: aurpegi margoketa, marrazkiak, globoflexia, dantza ikuskizuna eta krepe tailerra, besteak beste.
Anoetako obrak abiaraztearen ondorioz, eraikinean kokatutako kultur jarduerak beste leku batzuetara lekualdatu behar izan ziren 2018 urtearen hasieran. Liburutegia eta beste zerbitzu batzuk Arcco merkataritza zentroan kokatu ziren, baina txikienei zuzendutakoak aurrez fabrikatutako moduluetan kokatu ziren Ferrerias plazan. Eztabaida batean, Gazteriako zinegotzi Martin Ibabek adierazi zuen udalak ez zuela lokal egokirik aurkitu, gutxienez 300 metro karratuko eraikin batean, haurtxokoa eta gaztelekua jartzeko, eta, beraz, barrakoiak aukeratu zituela.
Joan den abuztuan Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Diseño Interiorismo Informatica Oficinas SA enpresari adjudikatu zion Amara Berriko haurtxoko eta gazteleku berriak altzariz hornitzeko kontratua, eta esku hartze horrekin amaiera eman zioten Amara Berriko haurtxoko eta gazteleku berrien proiektuari. Orotara, 556.036 euroko aurrekontua izan dute haurtxokoa eta gaztelekua egiteko lanek.
Xehetasunak
Haurtxokoa (5 eta 11 urte bitarteko umeentzako aisialdirako gunea) irekia da, baina hainbat gune ditu: jolasgunea (ping pong eta futbolina), jolas etxetxoa, agertoki txikia, lurrean jolasteko gunea (puffak, koltxonetak) eta tailerrerako eta mahai-jolaserako gunea. Telebistarako entxufeak, musika-aparatuak, ordenagailuak eta beste ere jarri dituzte. Gainera, haurtxokoak bere komunak ditu, haurren beharretara egokituta.
Gaztelekuak (12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat) hiru gune ditu: ordenagailuak (lau postu finko eta ordenagailuak konektatzeko entxufeak, telebista, bideo-kontsolak, puffak), jolasgunea (ping pong eta futbolina) eta harraska duen lantegi gunea. Gaztelekuak, gainera, biltegi txiki bat ere badu barruan.