Erraldoiak auzoan izateko urrats bat gertuago
Loretope konpartsak eta auzoko jai batzordeak Antiguako Jai Herrikoen Aldeko Eguna antolatu dute biharko. Jaietarako egin nahi dituzten bi erraldoi eta bi buruhandientzat dirua lortzea da egitasmoaren helburua, eta egun osorako programa prestatu dute.
Aurten sortu dute Antiguako Loretope konpartsa, auzoko jaietarako erraldoiak eta buruhandiak sortzeko egitasmoa sustatzeko. Gazte Danborradako sukaldariaren eta urketariaren erraldoiak egin nahi dituzte, eta, dirua biltzeko, kamisetak eta poltsak saltzen hasi ziren apirila inguruan. Orain, pauso bat gehiago eman dute, eta Antiguako Jai Herrikoien Aldeko Eguna antolatu dute biharko, auzoko jai batzordearekin elkarlanean.
Loretope konpartsako eta jai batzordeko kide Ekaitz Iberok azaldu ditu biharko jaiaren inguruko zehaztasunak: «Oraindik diru kopuru bat falta zaigu erraldoiak ordaintzeko. Jai batzordea ere diru faltan ibiltzen denez, elkarrekin horrelako egun berezi bat egitea planteatu nuen. Olaztiko (Nafarroa) lagunek sei erraldoitxo oparitu zizkiguten, eta horiek aprobetxatuko ditugu bihar».
Auzoko adin desberdinetako jendea elkartzea eta inplikatzea da asmoa. «Umeentzat erraldoiak egongo dira, helduentzat kantu bazkaria eta gazteentzat bertso bazkaria. Eguna biribiltzeko, elektrotxaranga izango da, jende guztiari gustatzen zaiolako», zehaztu du.
Sansebastianetan izaten dira jai herrikoiak auzoan. Aurten, urtarrilaren 14an, 15ean, 19an, 20an, 21ean, 22an, 27an eta 28an izango dira. Ordurako izan nahi dituzte erraldoi eta buruhandi berriak auzoan. «Biharko egunarena sare sozialetan iragarri dugu, eta, oraingoz, bertso bazkariko txartelen erdiak salduta daudela uste dut. Kantu bazkarirako, aldiz, hogei sarrera inguru saldu ditugu. Biharko guztiak saltzea gustatuko litzaiguke. Nahiko apustu potoloa egin dugu, bi bazkari handi antolatu ditugu elkarte desberdinetan, eta inplikazio handia lortu dugu», adierazi du.
Loretope konpartsa, martxa onean
Antiguako guraso talde batek eratu zuen Loretope konpartsa, zortzi edo bederatzi lagun ingururekin. Oraingoz, mantendu egin dute talde eragilea, baina aurrerapauso garrantzitsuak eman dituzte. «Erraldoientzako dantzari talde bat osatu dugu, eta musikari talde bat ere badaukagu», jakinarazi du Iberok.
Esan bezala, jaietarako erraldoiak eta buruhandiak egitea da konpartsa horren helburua, eta, prozesuari dagokionez, «berri onak» dituzte. «Erdia ordaindu dugu jada, eta hasi dira egiten. 7.500 euro ordaindu ditugu, baina oraindik 3.000 inguru falta zaizkigu», azaldu du.
Hasieran, erraldoiak Beasaingo sortzaile batek egin behar zituen, baina Loretopekoek iritziz aldatu zuten, eta, azkenean, Nafarroan egingo dituzte. «Nafarroan esan ziguten bi erraldoi egingo zizkigutela eta buruhandietako bat oparitu egingo zigutela. Izan ere, asko gustatu zitzaien hutsetik hasitako mugimendu honek nolako babesa izan duen. Dirudienez, beraiek ere horrela hasi ziren eta gogoko dituzte horrelako egitasmoak», adierazi du.
‘Erraldoien laguna’ kanpaina
Berritasun gisa, Erraldoien laguna kanpaina abiarazi du Loretope konpartsak. Bazkide egiten direnek, urtean 50 euro ordainduko dituzte proiektua bultzatzeko. «Kanpaina honekin, alde batetik, erraldoiak egiteko falta zaigun dirua lortu nahi dugu, baina ez da helburu bakarra. Izan ere, oraindik ez dugu lokalik erraldoiak gordetzeko, eta udalarekin hitz egin behar dugu ea baten bat uzten digun galdetzeko. Bestela, lokalen bat alokatu beharko dugu, eta, horretarako ere dirua behar dugu. Horrez gain, gure apustua familia handitzea da. Dagoeneko badauzkagun buruhandiak berritu edo berriak egin nahiko genituzke, eta, aurrerago, erraldoi gehiago edukitzea ere bada asmoa», zehaztu du.
Bazkide egiteko, Loretope konpartsarekin harremanetan jarri behar da sare sozialen bidez edo loretopekonpartsa@gmail.com helbide elektronikora idatzita. «Bazkide egiten direnek hainbat abantaila izango dituzte: adibidez, erraldoiak dantzatzen ikasteko tailerren bat antolatzen badugu, bazkideek lehentasuna izango dute. Baita urtean zehar antolatzen ditugun gainerako ikastaroetan ere. Eta izugarri gustatuko litzaiguke, ahal balitz, bazkide guztiak erraldoiak nola egiten ari diren ikustera joatea», azaldu du.
Hurrengo egitasmoak
Aurreko ostiralean, Loretope konpartsak etorkizunerako prestatu dituzten egitasmoak aurkeztu zituen auzoko frontoian. Biharko jai egunaz gain, azaroko Gau Beltza, abenduko Euskararen Eguna, urtarrileko sansebastianak, otsaileko inauteriak eta maiatzean Antiguako Erraldoien Eguna antolatu nahi dituzte.
Ostiraleko aurkezpenarekin pozik agertu da Ibero. «Sorpresa izan genuen, izan ere, azken unean, inprobisatuta, erraldoiak eta buruhandiak atera genituen, eta sekulako harrera izan zuten. Jendeak horiek dantzatu nahi zituen, eta umeak jolasean aritu ziren frontoi inguruan. Giro atsegin eta polita sortu zen», adierazi du.
Antiguako Jai Herrikoien Aldeko eguneko egitaraua
11:30. Erraldoiak eta buruhandiak auzoan, elizatik abiatuta.
12:30. Bertso triki poteoa.
14:30. Kantu bazkaria Istingorra elkartean. Txartelak 25 euroan daude salgai Platero eta Trikuharri tabernetan.
14:30. Bertso bazkaria Antiguotarrak elkartean, Asier Ibarguren eta Beñat Mujika bertsolariekin. Txartelak 15 euroan daude salgai Platero eta Trikuharri tabernetan.
18:00. Elektrotxufla elektro txarangak bere azken kontzertua eskainiko du, frontoitik abiatuta.