Giza katea egin dute hamarnaka lagunek Añorga Txikin, 'Añorgako Geltokia' hirigintza planaren aurka
Añorgako hamarnaka bizilagunek 20. giza katea egin dute auzoan Añorga Txikiko hirigintza proiektuaren kontra. Hain zuzen ere, Añorgako Geltokia proiektuaren bidez, 248 etxebizitza eraikitzeko plan berezia onartu zuen Donostiako Udalak. Zortzi eta bederatzi solairuko bost bloke izango lirateke.
Uztailean udalak Añorga Txikiko hirigintza planaren inguruko bilera irekia egin zuen Amassorrain ikastolako frontoian. Hainbat herritarrek adierazi zutenez, hirigintza proiektuak Añorga Txikiko eremu hori “masifikatzea” ekarriko du, eta Añorgak dituen arazoak areagotuko ditu. Hain espazio txikian 750 familia elkarrekin bizitzeko arazo asko aurreikusten dituzte. Aparkalekurik eza eta mugitzeko zailtasunak dira aurreikusitako arazoetako batzuk, eta horregatik eskatu zuten udalbatzak egitasmoaren norabidea aldatzea, auzoko biztanleen beharrei erantzun ahal izateko. “Auzoak mugikortasun, aparkaleku eta azpiegitura arazoak ditu, eta udalak, konpontzera etorri beharrean, arazo horiek larriagotuko dituen proiektu bat babesten du”, adierazi zuen auzotar batek.