Giza(rte) bazterrak
En los márgenes
Zuzendaria: Juan Diego Botto.
Urtea: 2022.
Herrialdea: Espainia.
Gizarte gaiak jorratzea eraginkor bezain arriskutsua izan liteke. Injustiziaren salaketa eta honek sortu dezakeen enpatia eskura dago, baina oreka ugari daude tarteko era honetako pelikuletan. Esaterako, honako bi hauek: salatzen den hori era soilegian plazaratzea, modu traketsean, eta emaitza panfleto eskematikoegienaren eremuetara hurbiltzea; edota ikusle eta pertsonaiekiko gertutasun emozionala bortxatzea, sufrimendua baliatuta, sentimentalismoaren mugak zeharkatuz. Bi balantza hauekiko irakurketa eginez gero, En los márgenes, Juan Diego Botto aktorearen lehen zuzendari lana, Veneziako Orizzonti sailean aurkeztua eta Zinemaldiko Perlak sailean ere tokia izan zuena, tarteka garaile aterako da, nahiz eta hainbatetan manifestu politiko hutsalaren edo film dramatikoki puztuegiaren zantzuak izango dituen.
En los márgenes-ek istorio gurutzatuen pelikula bat kontatuko digu, elkarren artean tangentzialki ukituko direnak, nahiz eta bakoitzak garapen propioa duen. Denek Madrilgo Vallecas auzoko bazterkeria egoerak kontatuko dizkigute, krisialdi ekonomikoaren ondoren kinka larrian dauden pertsonenak. Istorioetako bi (Penelope Cruz eta Adelfa Calvorena, hurrenez hurren) etxegabetzeei buruzko kontakizunak dira. Hirugarrena (Luis Tosarrek haragitzen duena) haur baten inguruko zaintza baimenaren ingurukoa da, eta honekin batera aktibismoaren alorra aztertuko da. Hirurak erritmo desberdinetakoak dira, ama nagusi baten barne dramaren lasaitasunetik etengabeko korrikaldian ematen den abokatuaren odiseararte, etxe kaleratzea eteteko borrokan ari den emakumearen desesperaziotik pasata. Edonola, abiadura desberdinetan ematen bada ere, dena erlojuaren aurkako errelatoan ezartzen da, 24 ordu buelta hartzen dituen narrazioa baita. Hala, bazterkeriaren mikro(?)kosmosaren analisia gauzatze horretan, istorioak apenas ukituko dira elkarren artean (pertsonaien bidegurutze diren planoak oso ederrak dira zentzu horretan, kamerak ordurarteko arreta galduko baitu eta agertu berri den pertsonaiarekin geratuko da), baina denek miseria berdintsuak pairatuko dituzte, arerioa ere berdintsua izango duten heinean: bazterkeria ahalbidetzen eta, are gehiago, pizten duen sistema politiko eta ekonomiko basatia, nabarmenki eremuz kanpo erabatekoan egongo dena (irratiko ahotsean baino ez da “pantailaratuko”, multinazional enpresa elektrikoek pilatzen dituzten irabaziak aipatuz, hain zuzen ere istorioen arteko uztartzea izango da irrati aparailuko ahotsa), eta ikusiko ditugunak sistema horren bitartekoak izango dira. Supermerkatuko, kale-lanen edo gau kluben tarteko kargudunak; banketxeetako bulegoa arduradunak; hezkuntza zuzendariak edo gizarte zerbitzu langileak; aginduak betetzen dituzten poliziak. Gertatutakoa ez da inoren errua, sistemako hari ikusezinek erabat desgaitu baitituzte agente horiek guztiak.
Denen ahotan jarriko dira «Ez da nire arazoa», «Emango nizuke, baina ezin dut», «Lehen bai, baliabide gehiago genituenean» eta «Partxeak jarri bai, baina ezin dugu egoera konpondu» bezalako esaldiak, gidoitik jada iparrorratz morala argia dela iradokiz. Eta hau da, hain zuzen ere, En los márgenes-ek daukan arazo nagusia. Horren unidirekzionala da bere planteamenduan, horren markatua dago pertsonaia bakoitza izango duen funtzio dramatikoagatik, pelikularen mekanismoa nolabait agerian geratzen dela. Konbikzioetatik eginiko pelikula dela ezin uka, eta gizarte aktibismoaren inguruan sortzen den elkartasunarekiko miresmena oso presente dago (kutsu dokumentala hartu nahi duen erdialdeko pasarte luzea horren adierazle, elkarteko asanbladan), baina pelikulari ez dio on egiten, akaso, bere oinarriak zuri edo beltzaren artean ezartze horrek. Zentzu hortan, gizarteari egiten zaion kritika baino, interesgarriagoa suertatzen da Luis Tosarren pertsonaiaren inguruan pizten den dualismo hori: mundua salbatu nahi hortan gertukoak mintzeak miresmena merezi ote du? Zuria eta beltza elkartzen direnean sortzen dira, zenbaitetan, emaitzarik aberasgarrienak.