Algaraklown elkartearen lana aitortu du Eusko Jaurlaritzak
Algaraklown Ospitaleko Pailazoen Elkartea 2012an sortu zen Donostian. Harrezkero, Donostia Ospitaleko pediatria eremuan dauden adingabeen eta Gipuzkoako egoitzetan dauden adinekoen bizi kalitatea eta osasun emozionala hobetzeko lanean ari da. Klownaren baldarkeria, musika, jolasa eta magia gisako teknika artistikoen bidez, elkarte honek umorea gaixotasun eta zaurgarritasun guneetara eramaten du.
Pasa den astean, Eusko Jaurlaritzak Algaraklown elkartearen lana aitortu zuen dekretu baten bidez. Aitorpen horrek adierazten du ospitaleratutako edota zentroetan bizi diren pertsonen emozioen hobekuntzan laguntzea interes orokorreko helburua dela. Hain zuzen ere, elkarteak funtzio hori betetzen du.
Azken sei urteotan, ospitale bisiten eta ebakuntza gelara laguntzearen programaren bidez 15.000 pertsona artatu dituzte haurren, senideen eta osasun langileen artean. Egoitzen kasuan, guztira, 5.000 pertsona egoiliar eta langile soziosanitario bisitatu dituzte.