Auzoari "bizia" eman diote berriro ere Antiguako Jai Herrikoien aldeko egunean
Antiguako Jai Herrikoien aldeko eguna egin zuten larunbatean, Loretope konpartsak eta auzoko jai batzordeak elkarrekin antolatuta. Jakinarazi dutenez, egun “biribila” izan zen. “Dena oso ondo atera zen”, adierazi du Ekaitz Iberok, Loretope konpartsako eta jai batzordeko kideak.
Auzoko erraldoi eta buruhandi berriak egiteko dirua lortzea zen jaiaren helburua, eta egun osoko egitaraua antolatu zuten horretarako. Umeentzat erraldoien kalejira egin zuten goizean; eguerdian, helduentzat kantu bazkaria eta gazteentzat bertso bazkaria, eta, eguna biribiltzeko, arratsaldean elektrotxaranga izan zen auzoan. “Diruari dagokionez, zerbait atera dugu, baina oraindik kopuru polit bat falta zaigu helburua osatzeko. Hala ere, diru kopuru bat atera dugu eta ez da gutxi”, azaldu du Iberok.
Bestalde, pozik agertu dira auzoari berriz ere “bizia” eman diotelako. “Jendearen erantzuna ikustea oso polita izan zen. Elektrotxarangan adibidez, jende pila bat egon zen, eta erraldoiek ere sekulako harrera izan zuten”, adierazi du.
Jendearen erantzuna “eskertzekoa” dela nabarmendu du, eta erraldoi eta buruhandi berriak auzoan izan arte lanean jarraituko dutela.