Bizikletaz Adinik Ez erakundeak triziklo ibilaldiak egin ditu beraien lana ezagutzera emateko
Larunbatean, hilaren 22an, Bizikletaz Adinik Ez erakunde donostiarrak bigarren BAE eguna egin zuen Erdialdean. Zehazki, Cervantes plazaren inguruan elkartu ziren. Informazio puntu bat jarri zuten, eta trizikloetan ibilaldiak egin zituzten, herritarrek esperientzia probatzeko. Erakundeak bere helburua ezagutzera emateko baliatu zuen: adinekoen eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen kalitatea hobetzea. Esaterako, Egiako Nuestra Señora de la Paz zentroan bizi diren pertsonak parte hartu zuten.
Era berean, BAEkide diren Real Sociedad Fundazioak, Paco Gomez boluntario eta zuzendaritza batzordeko kideak eta Gospel Experience taldeak bat egin zuten BAEren egunarekin.
Danimarkan du jatorria
Cycling Without Age 2012an Kopenhagen sortutako nazioarteko mugimendua da, eta gaur egun 50 herrialdetan ordezkatuta dago. 2016an iritsi zen Gipuzkoara, Donostiako kultur hiriburutzaren testuinguruan, eta Danimarkan sortu ziren balioak irudikatu zituen: pertsona helduei eskuzabaltasunetik denbora eskaintzea, istorioak partekatuz eta harreman berriak sortuz.
Bizikletaz Adinik Ez ekimenaren helburua, nazioarteko mugimenduaren barruan, pertsonen bizi kalitatea hobetzen laguntzea da, parte hartzearen, belaunaldien arteko lankidetzaren eta hiri mugikortasunaren bidez. Eta bere jarduera guztia pertsonengan, mugikortasun jasangarrian, parte hartzean, gizarte kohesioan, jasangarritasunean eta konpromisoan oinarritzen du.