Giro politean ospatu dute II. Amara Berri eguna
Armeria plazan ospatu zuten auzotarrek bigarren Amara Berri eguna, larunbatean. Goiz osoko egitaraua izan zuten, eta, eguraldia lagun, jende asko batu zen jaira. Auzoko eragileak elkartzea eta auzotarrei euren lana erakustea du helburu egun horrek, eta, besteak beste, Amara Berri ikastetxeko guraso elkarteak, Chernobil Elkarteak, Ilunki Elkarteak, Kichwa Otavalo Kultur Elkarteak, Berritsu Amara Berriko Euskara Batzordeak, AEK eta Urrats euskaltegiek, Gobernu Zibila Kultur Etxe egitasmoak eta Amarako Denda dendarien elkarteak hartu zuten parte.
Jarduera ugariz gozatzeko aukera izan zuten auzotarrek. Eguna hasteko, Sin Fronteras musika taldeak emanaldi bat eskaini zuen. Jarraian, Goratzar abesbatzaren ikuskizuna izan zen, eta, ondoren, Txirula Mirula eskolako ikasleek saio bat egin zuten. Beranduago, Amara Berri antzerki taldeak antzezlan bat eskaini zuen auzotarrentzat, eta, amaitzeko, Easo Politeknikoko zumba taldea dantzatu zen.