'Los Xey, una historia de pelicula' filma eskainiko dute bihar Victoria Eugenia Antzokian
Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean estreinatu ostean, bihar iritsiko da Donostiara Los Xey, una historia de pelicula filma. Eneko Olasagastik zuzendu duen lana Victoria Eugenia Antzokian eskainiko dute, 19:00etan, eta sarrerak salgai daude Donostia Kulturaren webgunean.
Gaur aurkeztu dute filma Donostian, eta bertan izan dira Eneko Olasagasti zuzendaria, David Berraondo ekoizlea eta Loiola Garmendia, Golden Apple Quarteteko kidea. Filmak Donostiako Los Xey taldearen oroitzapenak berreskuratzea du helburu. 1940an sortu zenetik 1961ean desegin zen arte, munduko musika eta ahots talde ezagunenetako bat izan zen. Alfredo Txiki Lahuertak, Pepito Yancik, Victor Graciak, Xabin Olaskoagak, Txomin Arrasatek, Xipri Larrañagak eta Koldo Garbayok osatu zuten taldea, haren ibilbidearen etapa desberdinetan.
Olasagastik film hau egiteko ideia nola sortu zen azaldu du aurkezpenean: “Golden Apple Quartetekoekin eta Xabier Zabala soinujolearekin topo egin nuen behin, eta elkarrekin ikuskizun bat prestatu behar zutela azaldu zidaten, Los Xey-ri omenaldia egiteko. Beraien istorioa gustatu zitzaidan, David Berraondo ekoizlearekin harremanetan jarri nintzen, eta berehala hasi ginen dokumentatzen eta dokumentalaren proiektua martxan jartzen pixkanaka”.
Euskal Herrian ospetsua izateaz gain, mundu mailan ere ezaguna egin zen taldea. Nazioartean ospea lortzeko jauzia Celia Gamezi (Buenos Aires, 1905-1992) esker egin omen zuten. “Gamezen hasierako gonbidatu gisa emanaldi bat eskaini zuen Los Xeyk Victoria Eugenia Antzokian. Gamezek ikusi egin zituen, eta hor harrobi bat zegoela pentsatu zuen. Kontratatu egin zituen, eta horrela eman zuten profesionalak bihurtzeko saltoa”, azaldu du Olasagastik.
Beraien kantuak ezagunak egin ziren Espainian, Argentinan, AEBtan, Uruguain, Txilen, Perun, Mexikon, Puerto Ricon eta Kuban, besteak beste. Han ere grabatu dituzte filmaren zati batzuk, askotariko testigantzak batuz.
Taldeak 1961ean eman zion amaiera bere ibilbideari. “Alde batetik, nekea izan zen arrazoietako bat, 21 urteko ibilbidea egin zutelako. Los Xeyko Txomin Arrasatek arrazoi pertsonalengatik utzi zuen, lehendabiziko Ameriketako bira amaitu zenean. Lahuertak bigarren biraren ostean utzi zuen, eta hutsune nabarmena utzi zuten taldean. Hortik aurrera, gainbehera etorri zen”, nabarmendu du zuzendariak.